Elkarteetako kideak batu dira gaur Lekeitioko Ikusgarri aretoan, Eako eta Ereñoko nagusien elkarteko kideekin batera.
Lore eskaintzagaz, Juanita eta Bingen amorotarren bertsoakaz, dantzakaz eta Lekeitioko abesbatzaren emanaldiagaz girotutako omenaldi ekitaldian, elkarte guztietako lehengo eta oraingo ordezkariek egiten duten lana azpimarratu dute. Loreekin batera, pergamino bana ere jaso dute. Besteren artean, bertan elkarteak sortu eta harremanak sendotu zituztenetik urteak igaro direla aipatzen da, eta adinekoen alde lan “bikaina eta egiazkoa” burutu dutela. “Egin daigun bat lagunok, gure erronka barriak lortuz, auzoak zein elkarteak lotuz, ondorengoei bide sendo bat zabalduz”.
Maite Zabala Ispasterko Bizi eta Jon Larrinaga Eako Beletxe elkarteetako kideek hartu dute hitza elkarte guztien izenean. Horiek Ikusgarri areto ederra jendez beteta ikustea “poztasun handia” dela adierazi dute.
Elkarte denek 20 urtetik gorako ibilbidea burutu dute, eta besteren artean, elkarte horiek sortzeko zereginean aritu ziren herritarrak izan dituzte gogoan. Hala, gaur egungo elkarteetako batzordea osatzen duten ordezkarien eskutik lore sorta bana jaso dute sorrerako kideek. “Gaur ospatzen eta omentzen ditugunak orain dela 25, 26, 24, 20… urte herri bakoitzetan sortzen joan ziren nagusien elkarteak dira. Pentsatu dugu denok elkar omentzea eta eskertzea orain arte nagusien elkarte guztiek egin duten lana. Denona da gaurko ospakizuna, eta denona da omenaldia”.
Elkarteetako batzordeetako kideak zein elkarteekaz bat egin dutenen lanaren garrantzia ezinbestekoa dela zehaztu dute: “Batzordeek ezin dute ezer egin, nagusiak batzen ez badira”.
Horrekin batera, nagusien alboan lanean dauden gizarte langile eta gizarte laguntzaileen lana goraipatu dute, eta horietako lauri lore sorta bana ere eman diote. Bestalde, Gizaburuaga da nagusien elkartea ez daukan eskualdeko udalerri bakarra, baina bertako nagusiei ere keinu bat egin diete, lore sorta bat emanez. “Nagusien elkarterik ez duen herri bakarra da; horrek ez du esan nahi nagusiak elkartuta ez daudenik. Badute belaunaldien arteko elkarte kultural bat, eta hor egiten dute nagusien lana”.
Halaber, udalen, Lea Ibarra Udal Mankomunazgoaren, Lea-Artibai Amankomunazgoaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere eskertu dute. Hain zuzen, eskualdeko zenbait alkate eta Mikel Ansotegi Lea Ibarra Udal Mankomunazgoaren eta Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoaren presidenteak ere egon dira Ikusgarrin. Eta Roberto Martinez Nagusiak Bizkaiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkarteko presidenteak ere parte hartu du ekitaldian.
Era berean, ekitaldira hurreratu ezin izan duten jubilatu eta pentsiodunak eta zendu direnak ere gogora ekarri dituzte. “Elkarteetan hainbeste urtetan lan asko egin duten, baina gure artean ez daudenak ere gogoratu nahi ditugu. Horietako bat da Sabin Ipiña eta orain dela hamabost egun joan da gure artetik”. Hala, hildako guztien omenez minutu bateko isilunea egin dute.
Nagusien elkarteak:
Ondarroako Antiguako Ama Jubilatuen Elkartea
Munitibarreko San Bizente Elkartea
Markina-Xemeingo Beti Jai Elkartea
Lekitxoko Jubilatuen Elkartea
Ispasterko Bizi Elkartea
Etxebarriako Jubilatuen Elkartea
Ereñoko Ereñozar Elkartea
Berriatuako Anaitasuna Jubilatuen Elkartea
Aulestiko San Blas Elkartea
Amorotoko Kurutz Ondo Elkartea
Mendexako Goi-Alde Elkartea
Ziortzako Elkartea
Eako Beletxe Elkartea
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.