Argizaiolen erakusketa, Barandiaran aretoan
Euskal Ezkontzako gurdian eramaten dituzten tresnak balioan jarri eta bakoitzari buruzko erakusketa bat antolatzea erabaki du Gora Buru Kultur Elkarteak. Lehen erakusketa ikusgai dago jada, eta argizaiola du protagonista.Argizaria kiribilduz biltzeko e...
Argizaria kiribilduz biltzeko eta hildakoen aldeko erlijio ospakizunetan piztuta mantentzeko erabiltzen ziren zurezko argizaiolek XVI. mendean edo XVII. mendearen hasieran dute jatorria, eta garai eta toki ezberdinetan erabiltzen ziren argizaiolen ereduak ikusi ahalko dira Barandiaran aretoan azaroaren 5era arte zabalik egongo den erakusketan.
Sebastian Altonaga Garcia de Ganboa berangarrak egindako argizaiolak dira. Altonagak aspalditik duela euskal kultura ikertzeko zaletasuna azaldu dute Gora Buru elkartekoek, eta jatorrizko eredua hartu, argazkia atera, eta argizaiola lantzen duela zehaztu dute. «Arlo asko jorratu dituen arren, orain dela zortzi urte hasi zen argizaiolak egiten. Baserrietatik, museoetatik eta liburuetatik jasotako ereduak landu ditu, eta berak egindako 400 bat argizaiolen bilduma dauka». Horietako batzuk miretsi ahalko dira egunotan, Lekeition.
19:00etatik 21:00etara egongo da erakusketa ikusgai astegunetan, eta 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, jaiegun eta asteburuetan.