48 orduan egindako lanak
Kameratoiko sari nagusia Uda Films taldeak irabazi du, hirugarrenez. Bigarren saria ondarrutar batek eta mutrikuar batek osatutako Txistana taldeak eskuratu du. Lanak kalitate onekoak izan direla esan dute.Lekeitioko Udalak Euskaltzaleen Topaguneagaz e...
Kameratoiko sari nagusia Uda Films taldeak irabazi du, hirugarrenez. Bigarren saria ondarrutar batek eta mutrikuar batek osatutako Txistana taldeak eskuratu du. Lanak kalitate onekoak izan direla esan dute.
Lekeitioko Udalak Euskaltzaleen Topaguneagaz elkarlanean antolatutako XIII. Kameratoiak baditu saridunak. Eta lehen hiru sarituen artean dago Ondarroako eta Mutrikuko bi herritarrek osatutako Txistana taldea ere. Dzanga gaiari helduta, 48 orduan parte hartzaileak film laburrak ekoizten aritu ziren asteburuan.Hasiera batean, hamazortzi taldek izena eman bazuten ere, horietatik hamahiruk aurkeztu zuten film laburra. «Gazteek ondo erantzun dute: 70 gaztetik gora jo eta su aritu ziren 48 orduz euskarazko film laburrak egiten. Gehienak 20 eta 22 urte bitartekoak izan ziren», esan dute antolatzaileek.
Aurtengo Kameratoia rallyaren irabazlea Udafilms taldearen Tazan filma izan da. Talde horrek, gainera, hirugarren urtez jarraian irabazi du Kameratoiko sari nagusia. Epaimahaiaren iritziz, Tazan lana izan zen egitura gehien errespetatu zuena. «Hasierako korapiloagaz eta amaieragaz, istorio bat kontatzen du».
Gainerako sarituak
Bigarren saria ondarrutar batek eta mutrikuar batek osatutako Txistana taldearen Abisal lanarentzat izan zen; «poetikaren bidez hausnarketarako bidea eskaintzeagatik» saritu zuen epaimahaiak. «Helduarazi nahi duen mezua osotasunez biltzen du lanak, bai testu bidez, bai eta irudi bidezko bitartekoekin ere». Alde teknikoari dagokionez, ur azpiko planoek istorioari ematen dioten «indarra eta zentzua» ere azpimarratu zituzten.
Hirugarren saria LPM taldearen Dzanga?? filmak jaso zuen. Publikoaren saria, ostera, Berta Productions taldearen Dzanga Jauna-k jaso zuen.
Oro har, lehiaketara aurkeztutako lanen kalitate ona azpimarratu nahi izan zuten bai epaimahaiak eta baita ere antolakuntzak.