Irrintzi batek eragiten dituen sentimenduetatik ikurriñaren koloreetara. Txistu eta danbolinaren hotsetatik herritarren kalejirara. Hala, herriko ohiturak islatzen ditu Ispasterko Kultur Etxeko atzealdean dagoen muralak.
Eneko Arruzak (Lekeitio, 1976) eta Karlos Morales
Baudik (Bilbo, 1966) egin zuten artelana udalaren eskariz. Ez da bi artistek burutu duten lehen elkarlana, baina haien berbetan, bada orain arteko “bereziena”.
Emaitzagaz oso pozik geratu dira, eta herritarrek zein murala ikusi duten lagunek egindako lanagatik zoriondu dituzte. Koloretsua eta argia da, eta abstrakzioa, expresionismoa eta errealismoa uztartzen ditu nolabait.
Hormaren goiko partean collage bat ageri da. Bakoitzak irudi desberdinak egin, eta ordenagailuan muntaia egin zuten. Bertako aurpegiak ikurriñaren koloreak eta zenbait letra botatzen ditu irrintzian. “Baserrietako belar metak irudikatu gura genituen buruan, eta behean inguruagaz zerikusia duen mantxa azula dauka; Ogella izan daiteke edota haize freskoa. Bestetik, erloju bat dagoela dirudi, baina ez da erlojua. Ukitu Daliliano surrealista dauka”, zehaztu du
Baudik.
Karlos Morales ‘Baudi’ eta Eneko Arruza Kultur Etxeko muralaren egileak.
Material berezia bezain ezohikoa erabili dute muntaia egiteko, tefloia, hain zuzen. Arruzak esan duenez, antzinako koltxoien tela da: “Azken finean inprimaki digital bat da. Tela eskaneatu, pintura tanta bat papel batean sartu, eta muntaia egin genuen. Gero bere gainean pintatu, eta eskaneatu ostera ere”.
Beheko partean, berriz, txistularia, dantzaria eta jendea kalejiran dantzan ageri dira. Irudi “klasikogoa” da. Behekaldekoa horman bertan margotu zuten.
Ekainaren 25ean inauguratu zuten Kultur Etxea. Ekitaldian parte hartu zuten muralaren sortzaileek. “Inauguraziorako testu bat prestatu genuen muralagaz iradoki gura genuena azaltzeko. Ume baten zirriborro antzeko batean bertoko ohiturak irudikatu ditugula azaldu genuen, influentzi barik adierazita”.
Aukerak aztertzen
Udalaren eskaria jasotzean aldamioak edo garabi bat beharko zutela ikusi zuten. Aukera desberdinak aztertu ostean, diboian digitalizazio bat egitea erabaki zuten. Euskarri eta materialei dagokienez, artelan berritzailea da. “Eurak hasieran zuten ideia zeozer piktorikoagoa egitea zen, eta guk pixka bat abstraktuagoa egiteko proposamena plazaratu genien. Herriko ohiturak agertzen dira baina modu desberdin batean, modu berritzaileagoan”.
Hiruzpalau hilabete eman zituzten ideia landu eta zehazten: “Hona heldu arte pila bat marrazki eta bozeto egin genituen”. Proba asko egin zituzten prozesu luze horretan,
Juanpe Okamikako grafistaren laguntza eduki zuten muntaia egiteko.
Esperimentatzeko aukera eman die muralak. Materiala eurentzat berria izan da. “Orain arte barne diseinua egin dugunean, argazkiak bai inprimatu ditugu diboian, baina kasu honetan desberdina izan da. Ez genekien kanpoan zelako emaitza ikusiko zen. Plantxa bera aluminio modukoa denez ez genekien eguzkiak esaterako zelan eta zein efektu eragingo zion”.
Behin mural definitiboa diseinatuta ere, hamaika froga egin zituztela diote, zelan ikusten zen jakiteko. “Hasieran guk pentsatu genuenetik geratu denera alde handia dago; ez dauka zerikusirik”. Izan ere, haien berbetan lehenengo ordenagailuko pantaila txikian egin, eta gero halako muraltzarra sortu behar izatea ez da erreza: “Eta erresoluzioa ez galtzea ere kontuan hartu genuen, noski”.
Alabaina gustuko lekuan aldaparik ez dagoenez, prozesu luzea izan arren, sormen lan horretan ondo pasatu zutela gogora ekarri dute.
Aspaldiko lagunak
Arruzak 11 urte zituela ezagutu zuten elkar. Haren pinturako maisua zen
Baudi, Lekeition. «Orduan Karlosek Narean zeukan tailerra. Gero, 17-18 urte nituela hasi ginen lanak elkarregaz egiten». Diotenez, gustuko dute Ispasterren egin duten bezalako gauza desberdinak egitea, eta esperimentatzeko tarteak hartzea.
Hainbat obra zein erakusketa egin dituzte elkarrekin. Esate baterako, Aulestiko Haurreskolan bien mural bat dute, eta Lekeition beste pare bat mural egindakoak dira. “Orain dela hamar bat urte Santa Katalinarako bidean egin genuen bata, eta bestea iaz Isuntzako horman margotu genuen, emakumeak arraunean ageri dira bertan”.
Bi artistak muralaren aurrean.
Bestalde, zenbait pintura lehiaketetara ere elkarregaz joan dira, eta adibidez, Burgoseko Axa-Winterthur saria irabazitakoak dira. “Niretzat Espainiako lehiaketa garrantzitsuena da. Pintura azkarra lantzen da; egun batean margotu behar duzu ikusten duzuna, jendea zein paisaia”, dio Arruzak. Madrilgo eta Bartzelonako hainbat arte galeriatan erakusgai izan dituzte haien lanak. Arruzak zehaztu duenez, azken urteetan ez da askorik saldu, “baina iaztik ematen du egoera hobetzen doala”.
Arruzak margolanetan hiri paisaiak, kolore grisak… sortzen ditu: “Beti ere argitasun bategaz baina momentu batetik bestera euria hasiko denaren sentsasioagaz. Hemengo giroa”.
Baudik, ostera, abstrakzioa lantzen du, eta arte digitala ere asko erabiltzen du: “Kolore esposizioak,tamainu oso handiak, texturak… irudi klasiko bat hartu eta irudi hori distortzionatu egiten dut”.
Eskulturagaz ere “jolasten” dute, eta horretarako birziklatutako materiala erabiltzen dute. Biek ala biek Ispasterren dituzten tailerretan dihardute.
Baudik Albert Ohelen artista alemaniar ospetsuagaz makina bat lan egiten ditu. Muntaiak, inprimazioak, mantxak… egiten laguntzen dio Ispasterko Kabana Zaharra izeneko eraikinean. Metro karratu askoko tailer altua denez, tamaina handiko lanak egiteko oso aproposa da. Arruzak Basokoetxe pabiloietan dauka bere tailerra, eta Lekeition ere badauka beste bat.
Baudi eta Ohelen orain dela 20 bat urte heldu ziren Ispasterrera. “Albert nire irakaslea izan zen. Nik Lekeition nuen tailerra. Leku handiagoren baten bila nenbilela, egun batean Albert eta biok Earantz gindoazela Kabana Zaharra ikusi, eta gaur arte”, dio barrez bilbotarrak.