Lointekek 81-68 galdu du Gironan Eurokopako 4. jardunaldia
Lointek Gernika Bizkaiak Spar Citylift Gironaren kontra lehiatu zuen Eurokopako 4. jardunaldia eguenean, Fontajaun, eta 81-68 nagusitu zen talde katalana. Multzoko faboritoa zein Emakumezkoen Ligako talde indartsuenetarikoa zergatik den erakutsi zuen G...
Partidu hasiera bikaina burutu zuen Gernika-Lumoko taldeak. Bigarren laurdenean faltek taldearen barne jokoan eragin zuzena izan zuten, eta marearen kontra boga egitea egokitu zitzaien. Hala ere, gogotsu borrokatu ziren, Girona handiari hortzak erakutsiz.
Martinez jokalari katalanaren hirukoagaz hasi zen neurketa. Etxeko taldea biziago kantxaratu zen, baina talde gernikarra ere ez zen atzean geratu. Gomezek ere bere hirukoa lortu zuen, eta Alstonek kontraerasora joz markagailuko aldea murriztu zuen (9-7). Lehen laurdena amaitzean, baina, etxekoek sei puntuko abantaila zuten (16-22).
Bigarren laurdenaren hasieran, erreboteetan zein erasoan oso ondo aritu ziren Lointekeko jokalariak, eta etxekoek, aldiz, hainbat hutsegite egin zituzten. Baina berehala berpiztu zen Girona, eta Lointekek gogor ordaindu zituen bere hutsegiteak. 17-2ko partziala lortu zuen etxeko taldeak.
46-34ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira, eta bigarren zatia hastean aurreko minutuetako egoera bera errepikatu zen. Talde gernikarraren hutsegiteak ondo aprobetxatu zituen etxeko taldeak. Defentsan lan handia eduki zuen Lointekek, eta zenbait momentutan 22 puntuko abantaila izan zuen Gironak. Hala ere, Diezen, Alstonen eta Gomezen hirukoei esker bizirik irautea lortu zuen Lointekek.
Eraginkortasun falta
66-50ko markagailuagaz heldu ziren azken txanpara. Defentsa lan sendoa bai, baina erasoan eraginkorrago aritzea falta izan zitzaien gernikarrei. Partidua amaitzeko sei minutu eta erdira, 69-57ko emaitzagaz zeuden.
Hurrengo minutuetan, Lointek hobeto aritu zen erasoan. Lan handia eginez, eta puntuz puntu joanda, markagailuko aldea murriztu zuten. Baina, ahaleginak ez ziren nahikoa izan.
Partiduaren amaieran Mario Lopez entrenatzaileak adierazi zuenez, «Gironak duen kalitateari aurre egitea konplikatua da». Bigarren laurdeneko partziala erabakigarria izan zela uste du: «Hala ere, hirugarren laurdenetik aurrera aldea murrizten ahalegindu gara; partiduan egon, lehiatu eta sentsazio onekin amaitzen saiatu gara. Taldeak defentsa maila altua mantendu du azken unera arte». Baina erasoan huts egin zutenean, defentsan sendoago egitea falta izan zitzaiela deritzo: «Erasoan erritmoa hausten digutenean defentsan eragina izaten du; atzean ez dugu berdin lan egiten, eta uste dut hori giltzarria izan dela».
Bi aste barru, Casillan
EuroCupeko taldekako faseko azken bi jardunaldiak etxean lehiatuko ditu Lointekek. Azaroaren 22an Cegled talde hungariarraren aurka jokatu du; Frantziako Basket Landes izango du aurkari azken jardunaldian.