Gautegiz Arteagan bilduko dira eskualdeko dantzari nagusiak
Udagoienero bezala, Busturialdeko Dantzari Nagusien Eguna ospatuko dute eskualdeko dantza taldeek zapatuan. Gautegiz Arteagan batuko dira aurten zortzi dantza talde: Bermeoko Alkartasuna, Mundakako Egunsenti, Busturiko Irrintzi Alai, Foruko Urdaibai, G...
18:30ean emango diote hasiera saioari. Kultur Etxearen inguruan bildu, eta kalejiran joango dira frontoira. Bertan, zortzi taldeek dantza saioa eskainiko dute.
Agurragaz hasiko dute ekitaldia, eta Boastitzea, Gipuzkoako dantzak, Dantzari dantza eta Ziekoko dantzak egingo dituzte ondoren, alarde modura. Ondoren, dantza talde bakoitzak egunerako prestatutako dantza erakutsiko du, banan-banan. Azkenean, saioari amaiera emateko, Txapeloaz dantzatuko dute talde denek alkarregaz.
Artiek 30 urte
Herriko dantza taldeak 30 urte betetzen dituenean ospatuko dute Gautegiz Arteagan dantzari eguna. Umeena egin zuten udaberrian, eta nagusiena ospatuko dute bihar. Herriko alkate Juan Felix Naberanek esan duenez, euskal herriko folklorea herritarren nortasuna da, eta dantzari egunaren bitartez eskualdearen aberastasuna erakusten da. Naberanen ustez, belaunaldi berriei euskal dantzekiko maitasuna zabaltzeko eta horiekin gozatzeko aukera ederra da dantzari eguna, gazteek euskal kultura zabaltzeko ordezkoa har dezaten. «Gainera, Artie dantza taldeak lan izugarria egin du, eta anfitrioi ezinhobea izango da».