Iparragirre aske uzteko eskatu dute Basaurin
Ibon Iparragirre Burgoa gaixo larri dagoen preso ondarrutarra aske uzteko giza katea egin zuten zapatu eguerdian Basaurin, Sare herritarrak deituta.Ehunka laguneko giza kateak batu zituen Basauriko kartzela eta osasun zentroa.Joseba Azkarraga Sare plat...
Ehunka laguneko giza kateak batu zituen Basauriko kartzela eta osasun zentroa.
Joseba Azkarraga Sare plataformako eledunak eta Amaia Txurruka medikuak hartu zuten hitza giza katearen ostean. Egoera horregaz behingoz amaitu beharra dagoela azpimarratu zuen Txurrukak. «Larriki gaixo dauden presoek etxean egon behar dute, hemen artatu behar ditugu eta euren egoeraren berri ezagutu behar dugu momentuz momentu». Preso gaixoek artatze hori senide eta lagunen alboan jaso behar dutela gaineratu zuen medikuak.
Osasunerako eskubidea oinarrizko eskubide bat dela aldarrikatu zuen Azkarragak, «eskubide unibertsal bat», eta, batez ere, Ibon Iparragirreren egoeraz kezkatuta agertu zen, ondarrutarraren kasua mendeku eta gorroto politikaren adibide garbia dela azpimarratuz. Hori dela eta, preso gaixo ondarrutarraren «berehalako» kaleratzea eskatu zuen.
«Gorrotoari, mendekuari, errebantxari» aurre egin eta «askatasunari, konponbideari eta elkarbizitzari» ateak irekitzeko deia egin zuen Azkarragak. «Abenduaren 9an Parisen aurkituko gara eta urtarrilaren 13an Bilboko kaleak beteko ditugu berriz ere», esan zuen, eta «humanitatearen, duintasunaren eta legearen» izenean larriki gaixorik dauden presoak kalean uzteko exijitu zuen.
Iparragirreren kaleratzea eskatzeko sinadura bilketa ere hasi dute, Castro epaileari bidaltzeko. «Sinadura soil bat da, baina milaka herritarrek eginez gero, eragin handia izan dezake».