Bideak jarriko dituzte, eskualdeko emakumeen laneratzea errazteko
Eskualdeko emakumeei laneratzea errazteko EMEekin programa jarri du martxan Azaro Fundazioak Leartibai Garapen Agentziagaz eta Lea Artibai Ikastetxeagaz elkarlanean. Lea-Artibai eskualdeko emakume langabetuen ekintzailetza eta kalitatezko enplegu egonk...
Emakumeen Nazioarteko Egunari keinu eginez martxoaren 8an hasiko da martxan, eta irailaren 30era arte iraungo du. Jakinarazi dutenez, formazioa eskaintzeko modua ez da ohikoa izango, sarearen bidezko eskolak eta aurrez aurrekoak bateratuko dituzte. «Parte hartzaileek gai ezberdinak jorratzen dituzten bideoak ikusiko dituzte etxean, eta dudak argitzeko edo galderak erantzuteko tutoreagaz etengabeko harremana izango dute posta elektroniko bidez edo telefonoz». Aurrez aurreko eskolak, berriz, astean behin edo birritan izango direla azaldu dute. «Metodologia berritzaile honen bitartez, IKT tresnen erabilera bultzatu eta familia bizitzagaz bateragarritasuna erraztu nahi dira».
Lanerako orientazioa
Parte hartzaileek lidergotza, komunikazioa, sormena, emozioen kudeaketa eta bestelako gaitasunak garatzeko aukera edukiko dute mindfullnes edota coaching bezalako tekniken bitartez. Gainera, negozio ereduei eta berrikuntzari buruzko eskolak ere izango dituzte, enpresa munduagaz kontaktua berreskuratu eta egun baloratzen dituzten gaitasunak zeintzuk diren jakiteko. Enpresa munduan bogan dauden gaiak ere landuko dituzte. Halaber, ekintzailetzak ere bere tartetxoa izango duela zehaztu dute antolatzaileek. «Norbere enpresa sortzea beste lan aukera interesgarri bat izan daiteke-eta emakume hauentzat».
Programaren azken zatia lan orientazioari eskainiko diote. Besteak beste, lan elkarrizketa bat prestatzen edota curriculum egoki bat aurkezten irakatsiko diete, «lana aurkitzeko momentuari beldurra kendu eta euren burua prozesu horretarako prestatuz».
EMEekin programan parte hartu nahi dutenak Azaro Fundazioagaz jarri behar dira hartu-emanetan, 94-616 91 72 telefono zenbakira deituta edota azaro@azarofundazioa.com helbidera mezu bat bidalita. Izena emateko azken eguna otsailaren 23a da.