300 pertsonek eman dute izena Ibarruriko Mendi Martxan
Domekan ere izena eman daiteke, 08:00etatik aurrera. Urdaibai Koparen lehenengo proba da. Ibilbide luzean zenbait hobekuntza egin dituzte, eta laburra aldatu duteIbarruriko Mendi Martxa egingo dute domekan, eta 300 pertsonek eman dute aurrez izena.Ia 9...
Domekan ere izena eman daiteke, 08:00etatik aurrera. Urdaibai Koparen lehenengo proba da. Ibilbide luzean zenbait hobekuntza egin dituzte, eta laburra aldatu dute
Ibarruriko Mendi Martxa egingo dute domekan, eta 300 pertsonek eman dute aurrez izena.Ia 90 korrikalarik izena eman dute Urdaibai Koparen lehen lasterketan parte hartzeko. Izena eman duten gainontzekoen artean, gehienak mendi martxa luzea egingo dutela azaldu dute Saltsamendi Kultur Elkarteko kideek.
Gogora ekarri dute domekan bertan izena eman ahalko dela, 08:00etatik aurrera frontoian.
Mendi martxa luzea eta mendi lasterketa 20 kilometrokoak dira, eta martxa laburrak, ostera, 9 kilometro ditu. Ibilbide luzean lau anoa postu egongo dira, eta laburrean bakarra. Amaieran ere parte hartzaile guztientzat egongo da jan-edana.
Antolatzaileek adierazi dutenez, ibilbide luzean aldaketa txiki batzuk egin dituzte; zenbait hobekuntza. Familia artean egiteko mendi martxa laburreko ibilbidea, ostera, ia guztiz aldatu dute, eta Zugastieta gaineko Askari menditxora igoko dira: «Ikusgarriagoa egin gura izan dugu, eta ibilbide polita osatu dugu. Egiteko eta ikusteko dotoreagoa da».
Orain arteko martxa laburreko ibilbideagaz ez dira oso konforme egon, eta, beraz, ibilbidea egokituta parte hartzaileen gustukoa izango dela uste dute. «Hobetu nahian aritzen gara beti, eta parte hartzaileak pozik geratuz gero, aurrerantzean ibilbide hori errespetatu eta mantenduko dugu».
20 kilometroko ibilbideari dagokionez, orain arteko antzekoa izango da. Ajuria eta Berroja auzoetatik, Oiz menditik, Undabasotik eta beste hainbat txoko ederretatik pasatuko dira partaideak.
Irteera ordua
08:30ean irtengo dira mendi martxa luzeko parte hartzaileak, eta, 10:00etan, korrikalariak. Hamar minutu beranduago daukate irteera ordua martxa laburreko partaideek.
Edozein zalantza argitzeko edota arazoren bat izanez gero, ibarrurikomendimartxa@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaltzeko eskatu dute Saltsamendi Kultur Elkarteko ordezkariek.