Ibarrolak eta Aizpuruak irabazi dute nesken pala txapelketa
Eva Ibarrola mutrikuarrak eta Amaia Aizpurua azkoitiarrak irabazi dute Mutrikuko I. Nesken Binakako Pala Txapelketa Azkarra, Jaione Arreitunandia mutrikuarrari eta Esti Arriola berriatuarrari 15-10 irabazita. Final oso lehiatua jokatu zuten bi bikoteek...
Mutrikuko Neska Palistak taldeak antolatutako txapelketa domekan jokatu zen, Mutrikuko Miruaitz frontoian. Giro ezin hobea egon zen, eta antolatzaileek igorri dituzten datuen arabera, 26 lagunek parte hartu dute: «Hamahiru bikote osatu ziren denetara. Mutrikutik, Ondarroatik, Berriatutik, Debatik, Azkoitiatik, Zizurkildik eta Elgoibartik etorri ziren neskak egunaz, frontoiaz, palaz eta konpainiaz gozatzera».
Hasiera batean kinielak egitea aurreikusita bazegoen ere, parte hartzaileek bina partidu jokatu zituzten lau taldetan banatuta. «Lehenengo zazpirak final laurdenetako sailkatu ziren zuzenean, eta gainontzeko bikoteek bigarren aukera bat izan zuten jokatzeko».
Frontoian bapo bazkaldu ondoren, final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatu zituzten. Final laurdenak hamar tantora jokatu zituzten, finalerdiak hamabi tantora eta finala, berriz, hamabost tantora. Parte hartzaileek eta antolatzaileek txapelketari buruzko balorazio oso baikorra egin dute. «Hasitako bideak jarraipena izango duela ematen du. Zorionak guztioi».