Bizkaiko Foru Aldundiak eskualderako arreta bulego berria ireki du Bermeon
Bulegoa «giltzarri» izango da aldundiak herritarrei eskaini nahi dien arreta eredurako. Gernika-Lumon bigarren bulego bat irekitzea aurreikusten duteBizkaiko Foru Aldundiak atzo zabaldu zuen Busturialdeko arreta integralerako bulegoa, Bermeon. Aurke...
Bulegoa «giltzarri» izango da aldundiak herritarrei eskaini nahi dien arreta eredurako. Gernika-Lumon bigarren bulego bat irekitzea aurreikusten dute
Bizkaiko Foru Aldundiak atzo zabaldu zuen Busturialdeko arreta integralerako bulegoa, Bermeon. Aurkezpenean Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Idurre Bideguren Bermeoko alkatea eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako zinegotzia egon ziren.Lokal berriak 150 metro koadroko azalera dauka, eta Dolariaga kaleko 19. zenbakian dago. Atzotik hasita Busturialdean bizi diren 20.000 pertsona ingururi zerbitzua eskainiko diola aurreikusten du aldundiak. Horrez gain, eskualdeko enpresa, elkarte, entitate eta 600 nekazari-ustiategiri ere eskainiko die arreta.
173 zerbitzu eta tramite
Erabiltzaileei egindako inkesta kualitatiboen bitartez Durangon aldundiak daukan bulegoan nabaritu diren hobekuntza aukerak hartu dituzte kontuan Bermeoko bulegoan diseinatutako ekipamendu berria ezartzerakoan. Aldundiak adierazi duenez, «bertan 173 zerbitzu eta izapide» jarriko dituzte herritarren eskura, eta bulegoagaz «arreta osoago eta zuzenagoa» eskaintzea izan dute helburu.
«Orain dela urte eta erdi Durangon ireki genuen bulego pilotua, eta 85.000 izapide inguru egin ditugu dagoeneko bulego horretan, izugarrizko arrakasta lortuz. Busturialdean zabaltzen dugun antzeko lehenengo bulegoa izango da Bermeokoa, eta herritarrei begira bertan kokatzea garrantzi handikoa egin zaigu», azaldu du Rementeriak.
Durangokoa bezala, Bermeoko arreta integralerako bulegoa «giltzarri» izango da aldundiak herritarrei eskaini nahi dien arreta eredurako: «Bermeo eta inguruetako herrietako biztanleak ez dute Bilbora joan-etorria egin beharko zerbitzu hauek jaso ahal izateko», nabarmendu du ahaldun nagusiak.
Foru erakundeari zuzendutako edozein agiri aurkeztu ahal izango dute herritarrek, baita jakinarazpenak jaso ere: besteak beste, A-8ra autobidearen erabiltzaileentzako laguntzak edo familia ugariaren tituluak tramitatu, diru laguntzetarako informazio eta eskaera orriak jaso, foru sail guztiek ematen dituzten zerbitzuei buruzko informazioa eskuratu edota zerga eta nekazaritza gaietako izapideak egin ahalko dira bertan. Hala eta guztiz ere, sarrien erabiliko diren zerbitzu espezializatuak errenta kanpainari, zerga informazioari eta katastroari buruzkoak izatea aurreikusten dute aldundiko arduradunek.
Gainera, informazioa eskaintzeko gune digital berriztatzaile bat jarri dute herritarren eskura bulegoan bertan.
«Apustu esanguratsua»
Bermeok dituen berezitasunak «erabakigarriak» izan dira bulegoaren kokalekua erabakitzerakoan: biztanleria landunaren mugikortasun tasa txikia dauka (%50, tasarik txikiena 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, Bilboren atzetik), 65 urtetik gorako pertsonen garrantzizko tasa dauka, %22koa, eta orain arte ez du arretarako bulegorik izan, ez bere udal mugartean, ezta ere inguruko udalerrietan. «Aldundiak apustu esanguratsua egin du bai Busturialdea eta baita Bermeo kontuan hartuta».
Bermeon ez ezik, Gernika-Lumon ere beste bulego bat zabaltzeko asmoa daukate: «Busturialdean bigarren bulego bat irekitzea daukagu aurreikusita, data zehatzik barik; Gernika-Lumon irekiko genuke».
Arreta integralerako bulegoaren ordutegia 8:30etik 14:00etara bitartekoa izango da astelehenik barikura bitarte; udan, ostera, 08:30etik 13:30era bitartean egongo da zabalik.