Mende laurden erakustaldiak eskaintzen
Xixili Gimnastika Taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta zapatuan ikasturte amaierako erakustaldiagaz bukatu zuten denboraldia. Sorreratik garrantzitsuak izan diren sortzaile eta entrenatzaileak omendu zituzten.Urtea joan ahala bizipenez betetzen da oro...
Xixili Gimnastika Taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta zapatuan ikasturte amaierako erakustaldiagaz bukatu zuten denboraldia. Sorreratik garrantzitsuak izan diren sortzaile eta entrenatzaileak omendu zituzten.
Urtea joan ahala bizipenez betetzen da oroimena, eta bizipenetatik ikasi egiten da. Asko dira abendua iristerakoan ikasitakoaren errepasoa egiten duten herritarrak, 12 hilabetean hainbat gertakariri aurre egin ohi zaie eta. Urtebetean ikasitakoa asko izaten bada ere, 25 urtean bizitakoak askoz gehiago dira.Ez dira, baina, horrenbeste urtean lanean jarraitu duten elkarte edo talde asko. Berezitasun hori dauka Xixili Gimnastika taldeak, izan ere, 25 urte bete ditu aurten. Besteren artean, emakumeen kirola balioan jartzea lortu du. Zapatuan, 25. urteurrena ospatu zuten jaialdian, eta ikasturtean ikasitakoa praktikan jarri zuten taldea osatzen dutenek; txikienetatik hasi eta nagusienetara arte.
Esperientzia handiagoa ala txikiagoa eduki, gimnasta guztiak pozik aritu ziren ekitaldian. Ordu bi inguru iraun zuen ikuskizunak, eta herritarrak hunkitu zituen. Txaloz eta gogoz hartu zituzten gimnastak herritarrek, eta haiek denetariko ikuskizunekin erantzun zieten. Soka, uztaila, pilota, mazoa eta zinta erabili zituzten bakarkako zein taldeko ariketetan.
Epaileen balorazioek ez zuen tokirik izan Bermeoko Araneko kiroldegian, baina taldearen maila zein den argi geratu zen. Talde sendoa da Xixili, eta hori agerian utzi zuten domekan zein Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan.
Gimnasta guztiek dantzatu zuten, eta emanaldi bukaeran, omenaldiei egin zieten lekuak.
Urte askoko lana
Ez da erraza 25 urtean lanean jarraitzea; orduan-eta gaitzagoa da maila gorenean aritzea. 1993. urtean Andres Uriondo eta Bego Usandizagak eman zituzten taldearen lehenengo pausoak, eta eurak izan dira klubaren zutabe nagusietakoak urterik urte. Usandizaga da egungo presidentea, eta hamazortzi urte egin ditu karguan. Domekan, senar emazteen lana omendu zuten, eta klubaren historian zeresana izan duen Usandizagari taldearen historia laburtzen duen liburua eman zioten gimnastek. Haien lana goraipatu eta eskertu zuten.
Urte askotan entrenatzailea izan zen eta orain dela hiru urte zendu zen Macarena Milla ere gogoratu zuten. Beragaz batera, beste azken urteetan entrenatzaile aritutako Lexuri Guerra ere agurtu zuten ikasleek, eta Xixilin hainbat urtez egindako lana eskertu zioten gimnastek.