Giza eskubideak
Azken egunotako zenbait esperientziak giza eskubideen gaia ekarri didate gogora (eta ez nabil pentsio duinen aldeko edo bestelako talde aldarrikapenetaz). Ezer gutxi dakit gai honen inguruan: seguruenik etikako klaseren batetan hitz egingo ziguten lehe...
Gizarte Hezkuntzako ikasketetan, hautazko ikasgai batean, Frantziako giza eskubideen aldarrikapen horrek emakumeok ahazten gintuela ere jakin ahal izan nuen, eta honen aurrean Mary Wollstonecraft-ek Emakumeentzako Eskubideen inguruko printzipio batzuk proposatu zituela.
Beranduago, Mexikon bizitzen eta lanean aritu naizenean, giza eskubideen ideia hau oso eurozentrikoa dela ulertu dut, jatorrizko herrialde eta kulturak kontutan hartzen ez dituena, eurentzat eskubideok inposaketa eta kolonizazio berri baten legez heltzen direlarik.
Ez nago honekin esaten, inolaz ere, giza eskubideen mugimendu hau txarra denik, baina soziokonstrukzionismoa jaio den posmodernitatearen aroak ondo gomendatzen duen moduan, sarritan, diskurtso menderatzaileen eta meta-narrazioen nondik norakoak aztertzea ez dago batere gaizki, zerekin konforme gauden eta zer aldatuko genukeen ikusteko.
Hasieran aipatu ditudan esperientziek naramatzate giza eskubideen diskurtsoarekin kritikoagoa izatera, izan ere, azken boladan euren eskubideekin ahoa betetzen entzun ditudanak sistema sozialaren estruktura dela eta, berez, pribilegioz beteriko pertsonak direla/garela deritzot; maiz, gure bizitzeko erarekin beste askoren eskubideak zapaltzen ditugunak, alegia. Buruan ditudan adibideok, euren giza eskubide pertsonalak gogoratu dituzte, hain justu, hirugarren batek besteen eskubide eta askatasunak urratzen ari zirela erakustean. Gehienetan, gainera, zerbitzuzko edo harreman komertzial baten ildoan egin dute hau, zeinetan, niri behintzat, ez zaidan batere argi gelditzen, eskubideak baino gehiago adostutako zerbitzua edo trukea izan beharko ez litzatekeen eztabaidagai…
Edozelan ere, gaur egun, tankera honetako kasuren batetan giza eskubideak aipatuta entzuten ditudanean hitzon sama arintzen saiatzen naiz, beste egoeraren batetan izango luketen karga galduko balute bezala.