Jaietako sua pizten hasteko prest
Gaur hasita, jai giroan murgilduta ibiliko dira aulestiarrak bost egunez. Adin eta gustu guztientzako ekimenak prestatu ditu Jai Batzordeak sanjoanak herri giroan ospatzeko.Opor usainak, uda giroak eta festarako gogoak bat egingo dute gaur Aulestin. He...
Gaur hasita, jai giroan murgilduta ibiliko dira aulestiarrak bost egunez. Adin eta gustu guztientzako ekimenak prestatu ditu Jai Batzordeak sanjoanak herri giroan ospatzeko.
Opor usainak, uda giroak eta festarako gogoak bat egingo dute gaur Aulestin. Herri Eskolako neska-mutikoentzat ikasturteko azken eskola eguna izango da, eta ikasturtea jaiagaz amaitu eta oporrak ere jaiekin hasiko dituzte. Herriko txikiak, baina, ez dira sanjoanekin gozatuko duten bakarrak izango. Hilabeteak daramatzate Jai Batzordean egitaraua osatzen; Udaleko hiru bat zinegotzik, Guraso Elkartekoek, Gaztetxekoek, norbanakoek eta herriko beste elkarte batzuetako ordezkariek, denen artean antolatu dituzte aurten ere jaiak. Herritarrek herritarrentzat egindako festak dira, denen gustukoak eta parte hartzaileak izateko asmoz.Sanjoanak jai herrikoiak izaten dira aulestiarrentzat, horregatik ez da girorik falta izaten. Gaur botako dute jaien hasierako txupina, eta martitzenera arte ondo pasatzeko aukerarik ez da faltako. Guraso Elkartea da aurten txupinero. Zortzi lagunek osatzen dute Guraso Elkartearen batzordea, eta lau urtez herrira begira lan egiten dute. Beraz, merezitako ohorea dute udaletxeko leihora irtetea. Pregoi txiki bat ere botako dutela aurreratu dute «pozik».
Paellak eta suak
Jaietan parte hartze handia izaten duen Paella Txapelketa dakar San Joan bezperak. Urtero 200 lagunetik gora batzen dira Arkupean, ia-ia udalerriko kuadrilla denak, eta kanpoan bizi diren herritar askorentzat ere herrira itzultzeko aitzakia hobe ezina izaten da. Hala, 13 urtetik 66 edo gehiagoko bizilagunak bateratuko ditu Paella Txapelketak eta ondorengo bazkariak aurten ere. Ohi modura, postrea Aulestiko Udalaren kontura izango da. Bazkarira animatzen diren herritarrei fruta eta pastelak oparituko dizkiete.
Jai batzordeak birziklapena bultzatuko du aurten, eta berrerabiltzeko plater eta mahai tresnak erosi eta banatuko ditu herri bazkariko parte hartzaileen artean. Kuadrillak, berriz, edalontziez arduratu beharko direla zehaztu dute; horiek ere berrerabilgarriak izatea eskatu du udalak.
Zapatua aurten San Joan bezpera suertatu da, eta, beraz, suen eta sorginen gaua ere ospatuko dute aulestiarrek bihar. Plazako erromeriaren atsedenaldian parkera abiatuko dira batukada eta buruhandiek lagunduta, eta sua piztu eta Sorgin dantza egingo dute. Txalapartak lagunduko du sugarren soinua, eta itzaltzen hasten denean, berriz plazara bueltatu eta erromeriagaz jarraituko dute.
Lora txortekin beteko da domekan herriko plaza. Harrera handia dauka aulestiarren artean San Joan egunez egiten den Sobra sariketak. Aspaldi bedeinkatzera eramaten ziren soilik, baina urteak dira lehiaketa bihurtu zutela, eta herritar asko dira sobrak prestatu eta aurkeztera animatzen direnak; urtero 50-60 sobra inguru egoten dira.
Parte hartzeagatik lore bat oparituko die udalak denei, eta sei sari berezi ere banatuko dituzte. Epaileak urterokoak izango direla azaldu dute udal ordezkariek. «Mota askotako loreak aurkeztea izaten da epaimahaiak kontuan hartzen duen irizpideetako bat».
Danbor hotsak ere entzungo dira aurtengo San Joan egunean herriko txokoetan. Orain dela hilabete eta erdi hasita entsegatzen dabiltza herritarrak. Ume eta nagusiek astinduko dituzte makilak.
Adinekoak eta umeak izango dira sanjoanak agurtzen azkenak. Betiko legez, San Joan biharamuna adineko eta pentsiodunei zuzendutako eguna izango da. Meza egongo da Murlan, eta kopaua ondoren, eta bazkaria ere edukiko dute erretiratuek. Umeen jolasekin amaituko dira jaiak martitzenean.