Errekan behera sanjoanei agur esanez
Erreka Eguna ospatzen agurtu zituzten atzo eatarrek herriko jai nagusiak: Ate gainean dantzan hasi zuten eguna, eta musika lagun, menditik itsasoraino jaitsi ziren errekako uretan murgilduta.Urtez urteko tradizioa mantenduz ospatu dituzte jaiak eatarre...
Erreka Eguna ospatzen agurtu zituzten atzo eatarrek herriko jai nagusiak: Ate gainean dantzan hasi zuten eguna, eta musika lagun, menditik itsasoraino jaitsi ziren errekako uretan murgilduta.
Urtez urteko tradizioa mantenduz ospatu dituzte jaiak eatarrek. Sanjoanak ospatzeko bildu ziren asteburuan herritarrak, eta atzo erreka jaitsieragaz agurtu zituzten herriko jai nagusiak.Ohi bezala, Kaiaxarra irlaren tontorretik bota zuten txupina barikuan, eta horren ostean, plazoletako kontzertuekin gozatzeko aukera eduki zuten bertaratutakoek.
Tradizioari jarraituz hasi ziren jaiak berdin bukatu ziren atzo. Izan ere, ohiko erreka jaitsieragaz agurtu zituzten sanjoanak datorren urtera arte.
Egun berezietan bereziena da Erreka Eguna Ean; goizean goizetik hasten da giroa berotzen herrian. Ate gainean dantza eginez eman zioten hasiera egunari. 12:00etan eduki zuten horretarako hitzordua, eta horren ostean, dantzan jarraitu zuten, Ardoa Barrura fanfarreakoek girotuta.
Erreka Eguna, baina, ez litzateke gauza bera izango errekara sartu barik. Eta aurten ere, ez dute hitzordu horretara hutsik egin kostaldeko herri txikiko herritarrek.
Arratsaldean, berotasunetik ihes egiteko, menditik itsasoraino jaitsi ziren errekako uretan murgilduta; modu horretan zeharkatu zuten herria animatu zirenek, eta erreka inguruko etxeetan zeuden herritarrek leihoetatik ardoa jaurti zieten.
Arropa eta guzti sartu ziren errekara, eta blai-blai egindakoak lehortu eta gero, K TUM K taldeak girotu zituen herriko kaleak ondorengo minutuetan.
Horren ostean, txosnako musikak girotu zuen herria gau osoan. Beste behin, musikari jarraituz gorputzak astintzen agurtu zituzten sanjoanak.