ARROSA KOLOREZ JANTZIA?
Gaurko eguna 1969ko ekainaren 28ko goizaldean hasi zen. New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan ohikoak ziren han batzen zirenen aurkako sarekadak. Izan ere, garaiko gobernuaren oniritziarekin, LGTBIQ komunitatearen aurkako jazarpen...
Sarritan, historiak, gogoratzera ez eze, ahanztera garamatza. Edo denborarekin, memoriak nahastera bai behinik behin. Zapalkuntza baten aurkako mobilizazioa izan zen hangoa. Gaur egun jai bilakatu dena. Eta, hori, bere horretan ez da zertan txarra izan. Bai, ordea, jaiak duen izaera politikoa ahazten baldin badugu. Eta ahanztura horretan murgiltzen gara nahi gabe, eta konturatu orduko, LGTBIQ eskubideak bultzatu eta hauekin sinpatizatzen du mundu moderno honek guztiak. Kapitalismoaren esparru zalantzagarrienetatik ere bai.
Eta, hala, konturatu ere egin barik, sistema berritu bat agertu zaigu begien bistan, eta hainbat herrialde, pertsona, produktu edo enpresa LGBTIQ eskubideen alde edo hauekin sinpatizatzen aurkezten zaizkigu, aurrerakoi eta tolerante direnaren pertzepzioa saldu nahian.
Kontua da, amnesiarekin batera, agian, ez garela konturatu, Stonewalleko pertsona horien guztien aurka jazarri zen sistema berberaren berrikuspena dela orain «arrosa kolorez jantzia» datorkiguna. Pinkwashing deritzon jarrera besterik ez. Aniztasunetik askatzea bilatzen duen borroka uniformetu eta estetizatu nahi duen jarrera. Asimiliazio estrategia bat, harrotasuna bera ere, uniformea, kosmetikoa, gizonezkoa, zuria eta diruduna izan dadin, seguruenik. Ez dezagun ahaztu ba, hau dena nondik etorri zen. Askatasunaren aldeko borrokak anitza behar duela definizioz. Gorputz arraroetatik egina, hainbat forma hartzeagatik polita, lotsagabea, korrektoa izateko asmo gehiegirik gabea eta edozeinen ahots eta nahiei lekua ematen diena.
E28ak borroka zabalean datza, klasea, arraza edo generoak gainditzen dituena derrigorrean. Eta, honek guztiak, sentitzen dugu, baina, hausnartzera eraman beharko lituzke baten batzuk. E28ak, izaera propioz, kapitalismoaren arauak gainditzera garamatza eta.