Asisko Urmenetaren 'Eusklabo alaiak' parodia antzeztuko dute bihar
Ekitaldian izen bereko komiki albuma aurkeztuko du marrazkilari nafarrak. Aktoreek bost esketx antzeztuko dituzte. Ikuskizunagaz eztabaida sortu nahi dute publikoanArnasa Euskal Herriko Fibrosi Kistikoaren elkarteak eta Marabillik elkarlanean antolatut...
Ekitaldian izen bereko komiki albuma aurkeztuko du marrazkilari nafarrak. Aktoreek bost esketx antzeztuko dituzte. Ikuskizunagaz eztabaida sortu nahi dute publikoan
Arnasa Euskal Herriko Fibrosi Kistikoaren elkarteak eta Marabillik elkarlanean antolatuta, Asisko Urmenetaren Eusklabo alaiak parodia satirikoaren antzezpena egingo da bihar, 19:00etan, Ondarroako Kofradia Zaharrean. Ekitaldian, gainera, izen bereko komiki albuma aurkeztuko du marrazkilari nafarrak.Ordubete inguruko ekitaldian umorea izango da nagusi, eta Euskal Herriko egoerari buruzko parodia politiko bat ekarriko dute Ondarroara. «Ideia honakoa da: ea euskaldunok aklaratzen garen, eta independentzia nazionalera abiatzeko gai garen».
Ikuskizuna Galtxetaburu musikari ezagunaren musikagaz hasiko da, eta, ostean, Urmenetak bere azken lanaren aurkezpena egingo du. Jarraian, Antxo eta Oihanart aktoreek komikian oinarritutako hainbat esketxen antzezpena egingo dute. Horiek Robinson Crusoe eta Ostiral (Robinsonen eusklabu alaia) interpretatuko dituzte. «Bost esketx eskainiko dira, eta bertan ageriko da Euskal Herriaren mendekotasun patologikoa esparru desberdinetan; hizkuntzaren, ekonomiaren eta psikologiaren aldetik, besteak beste. Umorea erabiliko dugu, baina, beti ere, umore satirikoa. Satiraren bidez boterearen gehiegikeriak salatu nahi ditugu, eta karikaturaren bidez, azkenean, dagoena areagotu nahi dugu». Azkenik, Iratxe Ibarra eta Oihane Perea bertsolariek osatuko dute Kofradia Zaharrarrean ariko direnen kartela.
Hausnartzeko aukera
Ikuskizunagaz publikoaren artean eztabaida sortu nahi dutela azpimarratu du Urmenetak; umorea abiapuntu modura hartuta kolonizazioaz eta independentziaz hausnartzeko aukera izango dute ikusleek. «Gure lana bufoiarena egitea da; azken finean, ikusleak zirikatu nahi ditugu. Euskal Herriak bizi duen egoerari buruzko irakurketa kritikoa eta eztabaida sortzea da gure helburua, eta hausnarketa hortxe zuzenean planteatzea».
Artista nafarrak gaineratu duenez, liburuaren aurkezpen berezi hori egitea era natural batean sortu da. «Komilari baten ametsa bere paperezko pertsonaiak eta egoerak noizbait zinemara eramatea da. Eta lan honetan holako irtenbide naturala ikusten diot komikiari. Momentuz, zaila da hau bezalako filma kritiko bat egitea diruaren aldetik. Orduan hasi gara Interneten esketx batzuk egiten, eta hortik atera da era natural batean ikuskizuna sortzea».