Zapato Azule aldaketekin dator
Jaiak betiko izaerari eutsiko dio aurten ere. Ohikoa baino arinago amaituko dituzte ekimenak. Estreinako, Andrabanda feministak emango dio amaiera jaiariRadixu Irratiko kideek nabarmendu dutenez, Ondarroako 21. Zapato Azule aldaketa bat edo bestegaz eg...
Jaiak betiko izaerari eutsiko dio aurten ere. Ohikoa baino arinago amaituko dituzte ekimenak. Estreinako, Andrabanda feministak emango dio amaiera jaiari
Radixu Irratiko kideek nabarmendu dutenez, Ondarroako 21. Zapato Azule aldaketa bat edo bestegaz egingo da bihar. Jaiak eboluzionatu egin duela diote, eta aurten aldaketak egitea egokiena dela iruditu zaie, beti ere, jaiaren betiko izaerari eutsita.Egitarauari dagokionez, aurten ohikoa baino arinago amaituko dituzte ekimenak; antolatzaileek 19:00etan pentsatu dute jaiari amaiera ematea. «Iluntzean, ordu batetik aurrera, Alde Zaharrak gainez egiten du, eta jaia ez da bere horretan errespetatzen. Hori dela eta, jaia arinago amaitzea erabaki dugu. Bestelakoan, jaiaren izatea apurtu egiten da eta».
Ekimenak arinago amaitzeak, bada, ohiko egiturauan aldaketak dakartza. Omenduaren omenez egiten den esketxa eguerdian egingo da, Dinamartxa eta pregoiaren ostean. Eta beti egin den erromeria ez da egingo aurten. «Lehen bere tokia zuen erromeriak. Kalean egiten zen, eta eguneko ekintzarik politenetarikoa ere bazen. Baina urteak aurrera joan ahala, eta jaia handitzen joan den heinean, erromeria Plazagainean egiten hasi ginen. Erdi ezkutuan geratzen zen, eta jendea ere ez zen askorik joaten».
Aurten, gainera, zuzeneko irratsaiorik ere ez dela egongo iragarri dute Radixukoek. «Ez dago nahikoa jenderik. Jaiaren antolakuntzak jende askok lana egitea eskatzen du, eta laguntzaile nahikorik ez dugunez, aurten ez gara ailegatuko zuzeneko emanaldia egitera. Bat edo bat goizeko diru bilketan laguntzera animatzen bada, ongietorria izango da».
Jaiari, bestalde, Andrabanda feministak emango dio amaiera, estreinako. «Modu horretara, jaiari ikutu feminista eman nahi izan diogu». Radixu Irratikoek gogorarazi dutenez, jaiaren funtsa ekonomikoa da, irrati libreak bere egunerokoaz jarraitu ahal izateko. «Ez da ahaztu behar, jaia, azkenean, Radixu finantzatzeko dela». Hau da, bihar boluntarioek egingo dute diru bilketari esker, hainbat proiektu gauzatu ahal izango ditu herriko irratiak.
20 erakusmahai
Jaiari dagokionez, eguneko momentu berezienetako bat Manuel Eluren ahozko bolanderekin etorriko da. 12:00etan, Superman edo Star Wars filmetako soinu bandagaz girotuta, Nekane Akarregigaz batera irtengo du Eluk Alaiko balkoira, eta haren punpadek piztuko dute jaia.
Aurretik, baina, jaia girotzen hasita egongo da, Euskal Herriko Kamiseta Azokagaz. Latxanbre enparantzan Euskal Herri osotik etorritako hogei erakusmahai egongo dira, tartean ondarrutarrak, euren diseinu berriak erakusten.
Eguerdian, hainbat ekintza egingo dira, baina, 14:00ak inguruan, eguneko unerik politenetariko eta hunkigarrienetarikoa ailegatuko da: Dinamartxa. Ordu horretarako, Kantoipe, Nasa eta Kofradia Zaharraren inguruetan batutakoak Dina Bilbaoren omenezko martxan datozenen zain egongo dira. Kresalako bandako musikariek, Artelango erraldoiek, Alaiko balkoian egongo diren irrintzilariek eta han batutako jendearen txalo zaparradak eta Txapeldunak kantuak hartuko ditu Dinamartxako parte hartzaileak.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, 74 lagunek egingo dute mendiz mendi ibilbidea; bizikletan etorriko direnak, berriz, 158 izango dira. «Tolosan bizikleta topaketa bat dago, eta aurten ez dugu tolosarrik izango Dinamartxan. Baina hasierako metroak batera egingo dituzte».
Dinamartxako azkena sartu ondoren, betiko modura, Nekane Akarregik Radixu Irratiaren pregoia irakurriko du, eta orduan jakingo da aurtengo omendua zein den.
Antolatzaileek, azkenik, jaia ospatzera datozenei ahal badute garraio publikoan etortzeko deia egin diete. Bestelakoan, hainbat gune atonduko dira ibilgailuak aparkatzeko: Zaldupe atzeko aparkalekua edota portua.