Eguraldia ero, jaiak bero-bero
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herri zein auzoetan sanpedroak ospatu dituzte asteburuan; eguraldia lagun izan ez arren, egitarau zabalez eta giro ezin hobeagoagaz gozatu dute herritarrek.Ekaitzez beteriko asteburua izan den arren, horrek ez du ...
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko herri zein auzoetan sanpedroak ospatu dituzte asteburuan; eguraldia lagun izan ez arren, egitarau zabalez eta giro ezin hobeagoagaz gozatu dute herritarrek.
Ekaitzez beteriko asteburua izan den arren, horrek ez du jai giroa gelditu. Auzo zein herrietan sanpedroak ospatzeko elkartu dira herritarrak.Herri txikiak dira Elantxobe eta Mundaka, baina bertakoak jai nagusiak izaten dira sanpedroak. Mundakan sanjoanak ere ospatzen dituzte, eta atseden hartu barik ailegatzen dira sanpedroak. Barikuan ospatu zuten santuaren eguna batean zein bestean, eta baita Lumon eta Bermeon ere. Prozesioa egin zuten Bermeon, urtero legez. Ohiturari jarraitu zioten Mundakan ere, prozesioagaz eta santuari ohorezko aurreskua eginda. Asteburuan ere, hainbat jarduera bizi zituzten jaiak ospatzeko.
Txistularien kalejirak ez du hutsik egiten inoiz Mundakan, eta zapatukoa ere ez zen salbuespena izan. Goizean atera ziren herriko txistulariak kaleak alaitzera, eta gauza bera egin zuten zanpantzarrek. Indar bereziagaz ospatzen dute urtero sukalki txapelketa, eta aurten ere hala egin dute. Guztira, 35 kazola aurkeztu dituzte aurten lehiaketara, eta horien artean, 14 zenbakidun kazola nagusitu da. 17 eta 13 zenbakidun kazolek egin zuten, aldiz, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Dena den, ez ziren saritu bakarrak izan; izan ere, lehen bost sailkatuek jaso zuten sariren bat edo beste.
Goiz eta eguerdian eguraldia lagun izan zuten, eta jai giroa nagusitu zen kostaldeko herri horretan. Arratsaldean ere, hala jarraitzeko aitzakiaren faltan ez ziren izan. Sound Systemen mu- sika ekitaldia izan zuten aukeran, esaterako, txosna gunean. Leku berean eta gau partean, aldiz, komedia ikuskinagaz gozatu ahal izan zuten. Musika ere ez zen falta izan, eta herria girotzeko Gozategi taldekoak etorri ziren disko berria aurkeztera.
Domekan, bestalde, txistularien soinu hotsak esnatu zituen herritarrak aurreko eguneko jai giroari jarraipena emanez. Aurrekoetan arrakasta izandako uretako puzgarriak jarri zituzten plazan, eta sardinak jateko aukera aparta izan zuten eguerdian txosna gunean. Azken trakagaz agurtu zituzten jaiak datorren urtera arte.
Auzoetan ere jai
Elantxoben, ostera, sukalkia barik, marmitakoa egiten aritu ziren herritarrak zapatu goiz eta eguerdian. Triki poteoa egiteko tartea ere izan zuten, eta prestautakoa jateko elkartu ziren ondoren. Arratsaldean, dantza saioak izan zituzten, eta umeentzako aukera ere egon zen: disko festa eta puzgarriak. Mundakan bezala, Elantxoben ere musika emanaldiak girotuko zuen zapatu gaua. Hain zuzen, The Associados taldekoak igo ziren taulagainera. Domekan, portuan, bigarren eskuko merkatua jarri zuten.
Herrietan ez ezik, auzoetan ere ospatzen dituzte jaiak. Gernika-Lumon, esaterako, garrantzia berezia izaten dute auzoko festek. Sanpedroak Lumon ospatzen dituzte.
Barikuan bota zuten txupina, eta zapatua eta domeka egun handiak izan zituzten auzoan. Tortilla gozoak prestatzen aritu ziren zapatuan, eta herri bazkarian bildu ziren ondoren herritarrak. Bapo jan ostean, briska eta mus txapelketak jokatu zituzten eta idi probak ere lehiatu zituzten. Gauean, bakarrizketekin gozatu zuten Lumon.
Domeka kirola eginez hasi zuten, oinezko ibilbideagaz. Marmitakoa egiteko elkartu ziren auzotarrak ostean. Egunak beste hainbat jarduera ekarri zituen auzora: igel-toka eta futbolin txapelketa, dantzak, tute txapelketa, umeen jolasak, txokolate jana, disko festa…Txupina botata bukatu zituzten jaiak gauean.
Lea-Artibai eta Mutrikun, berriz, sanpedroetako ohiturek indartsu jarraitzen dute. Lekeitiarrak, esaterako, dei eittekuekin esnatu ziren barikuan; kalez kale ibili ziren andre, gizon eta gaztetxoak ere herritarrei altxatzeko dei eginez. Emozioz beteta hasi zutela eguna azaldu zuten batzuek, aspaldiko ohitura gogoan.
Sanpedroetako egun nagusia izan zuten barikukoa, tradizioz betetako eguna, eta urtero bezala, gogoz hartu zituzten antzinako dantza eta prozesioak. San Pedropea eta plaza bete zituzten herritarrek eta bisitariek, Kaxarranka eta Lekeitioko Andren Aurreskua ikusteko.
Ohiturari eutsiz, Lekeitioko Udaleko alkate eta zinegotziek prozesioa egin zuten kofradiako lehendakari eta arduradunekin batera udaletxetik elizaraino, Lekeitioko Musika Bandak lagunduta.
Meza ostean, berriz, eliz eta erakundeetako arduradunek San Pedroren irudia porturaino eraman eta hango irudiaren aurrean Kilin Kalakoa edo uretara botatzeko keinua egin zuten, ohi modura. San Pedropean geldialdia eginda udaletxera abiatu ziren. Usadioei jarraituz, Asier Uskola hiru bider igo zen Kaxarrankara. San Pedropean, Kofradia aurrean eta plazan egin zuen dantza ikusgarria, ikusleen irrintzi eta txalo artean. Bien bitartean, Eguzki dantza egin zuten Etorkizuna dantza taldekoek, plazan. Gonbidatu berezia atera zuten barikuan, gainera; beste batzuen artean, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak egin zuen soka dantza.
Karpapean
Munitibarren, ostera, aspaldiko kontuak gogoratzeko tartea izan dute herriko jai nagusietan. Jai Batzordeko kideek azpimarratu dutenez, jai giro polita egon da sanpedroetan. «Jendea pozik ibili da jaietan. Giro ederra egon da, eta eguraldiak ere nahikoa lagundu du».
Jai batzordeak nabarmendu duenez, girorik politena zapatuan egon zen, eta eurek emandako datuen arabera, 150 herritar batu ziren gutxi gorabehera herriko plazako karparen babesean. Bazkalondoan, berriz, Mexikortxoren doinu mexikarrek sekulako giroa ekarri zuten karpara.
Aurten, estreinako ipini dute karpa herriko jai nagusietan, eta gustura geratu dira herritarrak. «Karpa ipintzean igarri egin dugu. Gerizpea eta aterpea eman dizkigu azken egunotan».
Zapatua, berriz, Orkestra elektrotxaranga eta Anita Parker taldeen doinuekin agurtu zuten. Jaietako azken egunean, berriz, San Pedro Txapelketaren finalak jokatu zituzten: Rocha-Iurgi/Aimar Goikoetxea (9-18), Mikel L.-Antxon/Joel-Aranbarri (11-18), Plaza-Murelaga/Arrizabalaga-Malax (9-18), Enbeita-Sainz/Pascual-Faben (22-14) eta Okamika-Uriondo/Uriona-Muruaga (18-22). Barikuan, Emakumezkoen San Pedro Txapelketaren finalak jokatu ziren. Beitia-Morga/Uribarri-Izagirre (22-7), Ane-Olatz/Janire-Helene (25-7) eta Gentzane-Bilbao/Olatz-Amaia (19-22).
Ziortza-Bolibarko Arta auzoan ere jaietan ibili dira. Giro aparta egon da, eta bertaratu diren guztiak pozik ibili dira. Artako IX. Brixka Txapelketaren irabazleak Txelo eta Mari Tere izan dira. Bertoko produktu sorta bat eta 100 euro irabazi dituzte. Felisa eta Marije Sumiña, berriz, bigarrenak izan dira.
Markina-Xemeingo Barinaga auzoan ekitaldiz betetako San Pedro jaiak ospatu dituzte asteburuan. Gaztetxoen arteko pilota partiduak, idi probak eta bola txapelketa jokatu dira, besteak beste.
Mutrikun, aldiz, mahonezko erropak soinean ibili dira arrantzaleen zaindariaren omenezko jaietan. Besteak beste, herri bazkaria eta itsasoan galdutako arrantzaleak gogoratu dituzte mutrikuarrek.
Berriatuan, azkenik, eguenean hasitako jaiei jarraipena eman diete asteburuan. Zapatuan, triatloi herrikoia egin zuten herriko lurretan zehar, eta Kuadrillen arteko entsalada eta tortilla txapelketa ere egin zituzten. Asteburuan jarraituko dute San Pedro jaiekin.