Bolatokia prestatu dute Uhagon kulturgunearen atzeko hormaren ondoan
Markina-Xemeingo 3 Txirlo taldeak bola jokoaren zaletasuna biziberritu nahi du herrian. Txapelketa bat jokatuko da Karmen jaietan, eta tiraldiak egiteko aukera egongo da beste egunetanBola jokoan jokatzeko aukera egongo da aurtengo Karmen jaietan Marki...
Markina-Xemeingo 3 Txirlo taldeak bola jokoaren zaletasuna biziberritu nahi du herrian. Txapelketa bat jokatuko da Karmen jaietan, eta tiraldiak egiteko aukera egongo da beste egunetan
Bola jokoan jokatzeko aukera egongo da aurtengo Karmen jaietan Markina-Xemeingo herrigunean. Zaletasuna bultzatu asmoz, eskualdeko bolariak elkartu eta Markina-Xemeingo 3 Txirlo taldea eratu dute, eta bolatoki bat prestatu dute Uhagon kulturgunearen atzeko partean dagoen hormaren ondoan.Markina-Xemein eta eskualdeko herritarren artean zaletasuna badagoela diote. «Horren erakusle dira, esate baterako, Amallo, Santutxu, Barinaga, Gorozika, Iruzubieta, Zeinka eta Santa Eufemin dauden bolatokiak eta euretan egiten diren norgehiagokak». Baina Gipuzkoan ez bezala, Bizkaian jaietako txapelketez gain ezer finkorik ez dagoela dio MX3T taldeak, eta Gipuzkoan bizirik mantendu den ohitura biziberritu nahi dute Bizkaian ere.
Bola jokoa suspertzeko, baina, bolatoki baten premia ikusten dute herrigunean bertan. «Gure nagusiak Iruzubietako bolatokira joan izan dira entrenatzera, eta ondo etorriko litzatekeen eskaintza bat dela uste dugu. Antzina Markina-Xemeinen bi bolatoki zeuden, bata Etxano inguruan eta bestea liburutegi oste- an; horrela gogoratzen dute nagusiek».
Beraz, Markina-Xemeingo Udalera jo zuten eskari horregaz, eta jaietarako bolatokia prestatzeko baimena jasota bolatoki bat eraiki dute auzolanean. «Ahal izan dugun gastu txikiena eraginez eta lana guk eginda eraiki dugu bolatokia. Pista prest, bola biraka jartzea besterik ez da falta».
Kokapen egokia
Kulturgune ondoa leku aproposa begitandu zaie MX3T taldekoei. «Herritarren eskura dago, eta kulturgune baten ondoan, izan ere, kirola eta kultura uztartzen ditu jokoak, orain dela 500 urteko idatzietan ageri den kirola da». Azaldu dutenez, gainera, Markina-Xemeinen dago inguruetako bola egile bakarra: Lauzirika baserriko Antonio Ibarluzea. «Hemen bueltan jokatzen diren bola denak bereak dira. Artista bat da, arta egurragaz egiten ditu bolak eskuz landuta».
Lauzirikak egindako bola erabiliko dute aurten lehenengoz Karmen Egunean jokatuko den lehen txapelketan. Txapelketa hori jada martxan dagoen Bizkaiko 29. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren baitan kokatzen da. Mallabiko Goitian, eta Markina-Xemeingo Amallo eta Barinaga auzoetan jokatu dira jardunaldiak orain arte, eta hurrengoa Markina-Xemeingoa izango da.
Bestalde, aurreratu dutenez, txapelketagaz gain, beste egun batzuetan ere tiraldiak egiteko aukera egongo da: uztailaren 13an, 18:00etan; uztailaren 14an, 18:30ean; uztailaren 15ean, 19:00etan eta uztailaren 16an, 16:00etan, txapelketa hasi aurretik.