Foruko erromatar herrixkaren aztarna berriak aurkitu dituzte
Elejalde auzoan topatu dituzten aztarnak ur beroen bainu batenak direla uste dute. URAk hasitako lanak bertan behera utzi behar izan dituzteUraren Euskal Agentziak Foruko Elejalde auzoan egindako lan batzuen ondorioz, udalerrian dagoen erromatar herrix...
Elejalde auzoan topatu dituzten aztarnak ur beroen bainu batenak direla uste dute. URAk hasitako lanak bertan behera utzi behar izan dituzte
Uraren Euskal Agentziak Foruko Elejalde auzoan egindako lan batzuen ondorioz, udalerrian dagoen erromatar herrixkaren aztarna berriak aurkitu dituzte.Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak joan den astean Bizkaiko Batzar Nagusietan adierazi zuenez, dirudienez egindako aurkikuntza erromatar herrixkako ur beroen bainuen kokalekua da. Hondakin horiek zer diren zehazteko lanetan ari dira, baina egindako aurkikuntza hori udalerriko erromatar aztarnategiaren hamabosgarrena da.
Bilbaoren berbetan, URAk kontratatutako arkeologoek aurkitu zituzten aipatutako aztarna horiek. Uraren agentziak Gernika-Lumo eta Busturia artean saneamenduko hodi biltzaile bat eraikitzeko lanak egin nahi zituen eremu horretan. Diputatuak azaldu zuenez, Forua eta inguruan edozein motako lanak egin aurretik derrigorrezkoa da arkeologia adituek lanen gunea aztertzea, bertan erromatar herrixkaren aztarnak dauden zehazteko helburuagaz. Horrela, aztarna horiek aurkitzerakoan, lanak bertan behera utzi dituztela azaldu du URAk: «Zonaldean orain arte aurkitu izan den eraikuntza publikorik nabarmenetakoa da, eta babestea premiazkoa da».
Aurkikuntzaren ondoren, aldundiko arkeologoek hartu dituzte euren gain aztarnen garrantzia eta hedapena aztertzeko lanak.
Busturialdeko lanak
URAk adierazi duenez, Ondare Kulturaleko buruek zehaztutako irizpideei jarraituz, hodi biltzailea eraikitzeko lurpeko finkapena erabiliko dute aurkitutako aztarna arkeologiko horiek babesteko. Proiektuak ibilbide berbera jarraituko duela azaldu du.
Lanekin, 6,5 km-ko kolektore-tarte berria egingo dute. Bi kilometro eta erdi hodi eraikiko dituzte Ganbe eta Muruetako hondakin urak hodi biltzailera bideratzeko, eta azkenik, lau ponpatze eraikiko dituzte isuriak saneamendu sistemara helarazteko. Gainera, aurreko lanetan egindako zuloak irekita egongo direla aprobetxatuz, hornidurarako 6,5 kilometro hodi berri eraikiko dituzte. Busturia eta Gernika arteko hornidura-hodia berriztatzea beharrezkoa dela azaldu dute: gaur erabiltzen dena padura gunean dago, eta horrez gain, egoera txarrean.
Lan horiei esker, Gernika eta Lamiarango Hondakin Uren Araztegiaren arteko saneamendu sarearen tarteak bukatuko dituzte. Hala, Gernika, Gautegiz Arteaga, Kortezubi edota beste herriguneen hondakinak Bermeon dagoen HUAraino bideratuko dituzte, dagokien moduan tratatzeko.