Kale artea bizitzeko 28 ekintza eskainiko ditu 29. Kalekak
Atzo eman zuten ezagutzera egitaraua. Nazioarteko 22 konpainia bilduko ditu jaialdiak. Arropaineko Arraguak eta Malekoi Txiringitoak kolaboratuko duteUztailaren 19tik 22ra bitartean kale artea bizitzeko aukera egongo da Lekeition. 28 jarduera bildu dit...
Atzo eman zuten ezagutzera egitaraua. Nazioarteko 22 konpainia bilduko ditu jaialdiak. Arropaineko Arraguak eta Malekoi Txiringitoak kolaboratuko dute
Uztailaren 19tik 22ra bitartean kale artea bizitzeko aukera egongo da Lekeition. 28 jarduera bildu ditu aurten Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak. Atzo goizean aurkeztu zuten 29. Kalekaren programazioa Lekeitioko plazan egindako ekitaldian. Jaialdiak aurten 22 kolektibo eta konpainia izango dituela aurreratu zuten, Euskal Herria, Katalunia, Madril, Extremadura, Alacant, Andaluzia, Holanda, Frantzia, Danimarka eta Portugaletik etorriak.Jaialdiaren xehetasunak ondokoek eman zituzten: Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapen zuzendaria, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Maider Illana Kalekaren kudeatze taldeko kidea eta Jon Kepa Zumalde Markeliñe konpainiako kidea. Aurkezpen ekitaldiaren aurretik, gainera, Markeliñe konpainiaren Chef Nature ikuskizunagaz gozatzeko aukera egon zen. Mugikorrak baztertu eta naturaz eta imajinazioz betetako jatetxea aurkeztu zuen Markeliñek.
Antzerkiak, maskarak, zirku garaikideak, clown-ak, ehun-sorkuntzak, dantza garaikideak, funanbulismoak, aireko dantzak eta pirotekniagaz lotuta dauden ikuskizunek bizitasunez beteko dituzte Lekeitioko plaza eta txokoak aurten ere.
2018ko sekzio ofizialak Matias Zanottiren Atuendos caprichosos izeneko jantzi-eszenikoen erakusketa hartuko du horren performance-agaz batera, eta horrez gain, Lucas Escobedo eta Lekittoko Deabruak konpainien proposamen ibiltariak eta Dikothomia Cia, Karl Stets, Godot, Baakai Katiuska, Estampades, Bilbobasso, Cia Nueveuno, Efecto R, Ganso y Cia, Hika Teatroa eta Barsantiren ikuskizunak egongo dira.
Era berean, bi formakuntza saio landuko direla azaldu zuen Illanak. Alde batetik, Rui Paixaoren Estado Omnium laborategia, egungo clown-en munduaren inguruko gogoeta eta esperimentazioa landuko dituena, eta beste alde batetik, Matias Zanottik Revestidos izeneko sorkuntza tailerra, antzeztokietan erabiltzen diren jantzien sorkuntzari buruzko workshop-a. Tailer horretako jantziak Eskolapeko erakusketan egongo direla zehaztu zuen Illanak, «beste obra batzuetako jantzi batzuekin batera».
Sekzioak indartuz
Sekzio ofizialaz gain, aurreko urtean estreinatutako Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch atalak finkatu eta garatzen diren testuinguru politikoari, sozialari eta kulturalari sendotasuna eman nahi izan diote aurten.
Kaleka Scratch sekzioan parte hartzeko, 30 proposamen jaso dituztela aitatu zuen. «Horietatik bi lan aukeratu dira: sorkuntza prozesuan dagoen Holandako kolektibo baten zirku garaikideko proposamena, harrema- nen, aukeren eta distantziaren inguruan hausnarketa egiten duena, eta, bestalde, clown ibiltarien inguruko ikuskizuna, Extremadurako Gurugu kolektiboaren eskutik».
Jaialdiaren ekintza markoaren barruan, Kalekaz Blai-k urte osoan testuinguru lokalean egiten diren jardueren sustapena bultzatzen jarraituko du, eta horren harira, eskolekin, familiekin, taldeekin, elkarte kulturalekin, enpresa egitura eta abarrekin lan egin dute era askotako formatuen bidez: entsegu irekiak, erakusketak, elkarrizketak, tailerrak…
Bide beretik, jaialdiaren aurreko egunetan, Kalekak Lekeitiko hezkuntza zentroekin lan egingo duela azaldu zuen kudeaketa arduradunak, «Euskal Herriko bi konpainiaren laguntzagaz: Cia Barsanti eta Markeliñe».
Azkenik, Kalekak herriko kultur elkarteekin kolaborazioan jarraituko duela nabarmendu zuen. «Arropaineko Arragua sorkuntza espazioak bi ikuskizun eskainiko ditu: alde batetik, haur eta umeei bideratutako Faboo keinu-antzerkia, eta, bestetik, nagusientzako zirku garaikidea Tetes de Mules konpainiaren eskutik». Gainera, aurten, Malekoia Txiringitoak ere jaialdiagaz bat egin, eta magia eta diskofesta batuko dituzte Winston Koperlandek eta Urko NotreDamek.
Kaleka moduko jarduerak asko baloratzen dituztela adierazi zuen Atorrasagastik. «Oso garrantzitsua da horrelako agerpenak egitea, eta gure artistek eta enpresek-eta horrelako ekintzetan parte hartzea, eta, era berean, Kalekak modura nazioarteko testuinguruak sortzea, lan sare hori sustatzeko eta bultzatzeko». Sailetik publiko berrien sustapenari ere garrantzi handia ematen diotela gaineratu zuen. «Hona etorri naizenean ume pilo bat egon dira barrez, zoriontsu, eta hain zuzen ere esperientzia hori da nik azpimarratu nahi dudana. Arte eszenikoek sormena eta irudimena sustatzen dituzte, eta horregaitik bada ere, bultzatu behar ditugu, gure belaunaldi berriek jarraitu dezaten. Hemen aurkitu dudana zorion gune bat da, eta horregatik bada ere, zorionak Lekeitioko herriari».
Aldundian ere herrietan kultura sustatzea asko baloratzen dutela adierazi zuen, beste alde batetik, aldundiko Kultura zuzendariak. Sarritan kanpokoak bertoko jardueren garrantziaz gehiago konturatzen direla nabarmendu zuen, Lekeition egiten duten lana goraipatuz. «Nik badakit hirigintza eta obrak oso garrantzitsuak direla, baina kulturak ematen dio balore publikoa herriari. Kulturak ekartzen dio bizitasuna eta nortasuna herri bati». Hori dela eta, kulturari protagonismoa ematen jarraitzera animatu zuen Lekeitioko Udala.