Egoitzadunen beharrizanei egokitutako ekipamenduak dauzkagu Ormabarrieta eguneko zentroan
Eguneko zentroek banakako arreta osoa eskaintzen diete mendekotasuna duten pertsonei, horien autonomia pertsonalaren maila hobetuz eta mantenduz. Muga funtzionalak orekatzea ere ahalbidetzen dute aipatu zentroek, eta pertsona horien ohiko zaintzaileak ...
Bermeoko Ormabarrieta Eguneko Zentroan, esaterako, bermatuta daukagu mendekotasuna daukaten pertsonenganako arreta. Urteko hamabi hilabeteetan daukagu zabalik zentroa, astelehenetik barikura, 09:30etik 18:30era. Tarte horretan, zaintzaileen etengabeko arreta daukate bertan dauden adinekoek, eta hala behar izatekotan, mediku eta erizainen zerbitzua ere ematen dugu. Halaber, diziplina anitzeko profesionalen lantaldearen laguntzaz ere baliatzen gara. Modu horretan, erabiltzailearen ongizate fisiko, psikologiko eta soziala bilatzen duen arreta osoa ematen dugu.
Ormabarrieta zentroan 25 pertsonentzako lekua daukagu, erregimen publikoan zein pribatuan, eta egonaldiak iraunkorrak zein aldi baterakoak izan daitezke; garraio zerbitzuagaz zein zerbitzurik gabe.
Oinarrizko laguntzak ez du hutsik egiten gurean: arreta pertsonala eskaintzen dugu, eta baita ere higiene eta garbitasun materiala. Eguneroko Bizitzako Oinarrizko Jardueretarako (EBOJ) berregokitzean ere laguntzen dugu. Gainera, izapide eta gizarte laguntzetarako orientazioa ere badute erabiltzaileek aukeran. Osasun arloan ondo artatuak izateko ere mediku eta erizainak ditugu, eta arreta psikologikoaz ere baliatu daitezke bertokoak. Erabiltzaileek ondo pasa dezaten ere bilatzen dugu, eta, horretarako, gizarte eta kultura dinamizazioa ere badugu. Jateko, aldiz, jatetxe eta catering zerbitzua daukagu. Egokitutako garraio zerbitzua ere eskura daukate zentroko egoiliarrek, eta beraien familiarekiko arreta zuzena daukagu.
Baina oinarrizko zerbitzuez gain, baditugu horien osagarriak diren beste hainbat zerbitzu ere: hala nola, podologia zein ile-apainketa eta estetika zerbitzuak.
Zerbitzu horiek denak bermatzeko, instalazio irisgarriak ditu Ormabarrietak. 2011. urtean inauguratu genuen zentroa, eta, geroztik, egoitzadunen eta horien senideen beharrizanei egokitutako ekipamenduak ditugu: egokitutako komunak; deien sistema informatizatua; egongela eta telebista, jardueretarako gunea; gimnasia egiteko makinak; jangela; telefono publikoa eta egokitutako furgonetak, besteak beste.
Ate irekiak, martitzenean
Eguneko zentroa bera ezagutu nahi duenak martitzenean, uztailaren 17an, edukiko du horretarako aukera; izan ere, 16:00etan hasita, zentroko talde profesionalak aurkezpena egingo du Ormabarrietan, ate irekiei hasiera emanez. Ordu erdi beranduago, aldiz, zentroa bisitatuko dugu, eta 17:00etan, mokadutxoak jateko tartea hartuko dugu, musika ikuskizunagaz lagunduta.
Gogoratu nahi dugu, bestalde, Bermeoko Egoitz Alai egoitzan ere badela nahi duenarentzako lekua (94-602 98 86/ www.egoitzalai.com)