Hegaluze arrantza lehiaketa jokatuko da Lekeition
Lekeitioko Hegaluze Arrantza Elkarteak antolatuta, 42. Hegaluze Arrantza Lehiaketa-I. Roberto Canales Memoriala jokatuko da bihar, Lekeition.Hemezortzi bat kirol ontzik parte hartuko dute; askok maila handiko arrantza txapelketetan dihardutela azaldu d...
Hemezortzi bat kirol ontzik parte hartuko dute; askok maila handiko arrantza txapelketetan dihardutela azaldu dute antolatzaileek. «Bizkaiko Golkoko hainbat udalerritatik datoz ontziak: Bilbo, Santander, Elantxobe, Ea eta Donostia, esate baterako».
Lekeitioko 38. Kopan parte hartzen dutenek hegaluzearen familiako arrainen kirol arrantza egin beharko dute. «Kurrikan modalitatea erabilita egin beharko da arrantzan, eta ontzi bakoitzak zazpi kainabera erabili ahalko ditu gehienez, aldi berean».
Tradizio handiko txapelketa da Lekeitiokoa, eta antolatzaileen esanetan, Europan egin zen lehenengoa. «Lekeitioko Hegaluze Arrantza Elkarteak duela 65 urte antolatu zuen lehen txapelketa, elkartea sortu zen urte berean. Aurtengo txapelketa, gainera, elkarteko sortzaileari eskainiko diogu, Roberto Canalesi».
20:00ak aurretik
Txapelketari dagokionez, parte hartzaileek 00:00-08:00 artean irten beharko dute ontzia amarratuta duten edo aukeratzen dute portutik, eta nahi duten tokian egin ahalko dute arrantzan, arautu diren arrainak eta gutxieneko tamainak errespetatuz.
Antolatzaileek, gainera, parte hartzaileei VHF-ko 9. kanala erabiltzeko gomendioa egin diete (bertatik emitituko dituzte behar diren oharrak). «Hegaluzearen familiako arrainen arrantzari dagokionez, aurtengoa oso urte oparoa izaten ari da, eta parte hartzaileek ale asko arrantzatzea aurreikusten dugu».
Jardunaldi osoa arrantzan ibili ostean, ontziek 20:00ak aurretik porturatu beharko dute Lekeition. Eta lehorreratu orduko arrantzatutakoa deskargatu eta aleak pisatu beharko dituzte kofradiko pisuan, jendaurrean. Pisaketa 19:00ak eta 20:30ak artean egingo da.
20:30ean, afaria egingo dute elkartean, eta bertan banatuko dituzte sariak ere. Hiru sari banatuko dituzte: pisu handiena, ale gehien eta alerik handiena arrantzatzen dutenek jasoko dute saria. «Harrapakinak herriko gizarte ongizate elkarteen artean banatuko dituzte».