Foruko Baldatika auzoko bidea sendotu dute
Foruko Udalak Baldatika auzoko bidean egindako hobekuntza lanak amaitu berri ditu. Urtarrilean gertatu ziren euriteen ondorioz, bidea kaltetuta geratu zen.Errepidean lur jausiak gertatu ziren, eta bide bazterrak lurrez eta landarez beteta geratu ziren....
Errepidean lur jausiak gertatu ziren, eta bide bazterrak lurrez eta landarez beteta geratu ziren. Hobekuntza lanen barne, bide-bazterrak garbitzeko lanak egin dituzte. Horretarako, errepidearen hiru kilometrotan zehar lurra eta hondakinak kentzeko eta garbitzeko lanak burutu dituzte. Lan horiek amaituta, bide azpitik ura igarotzeko bideak garbi utzi dituzte, eta bide bazterretan pilatuta geratu zen lurra ere kendu dute.
Jane Eyre Urkieta alkateak nabarmendu duenez, «herria egoera onean mantentzeko eta hobetzeko udalaren esku dagoen guztia» egin dute. Hori lortu ahal izateko eskuragarri dituzten «tresna guztiak» erabili dituztela adierazi du, «Foruko herritarren onurarako ahaleginak eginez eta denbora eskainiz».
%90eko diru laguntza
Horren harira, aldundiaren laguntza «eskertzen» dutela esan du alkateak, eta laguntza horiek eduki ezean, udaletxe txikiek mota horietako ustegabekoei eta istripuei aurre egitea oso zaila litzatekeela nabarmendu du.
Aldundiak eskainitako diru laguntza horien bitartez 11.813,71 euro jaso dituztela jakitera eman du Foruko Udalak. Zenbateko hori udalerriko sendotze lanak aurrera eramateko beharrezkoa izan da. Zehaztu duenez, aldundiaren %90eko diru laguntza eskuratzea lortu dute beharrezko inbertsioari aurre egin ahal izateko, Ustegabekoen Dekretuan adierazita agertzen diren arauen arabera.