Ospakizuna goi-goitik
Santa Eufemi jaietako eta Galbaixo jaietako bigarren asteburua ospatu dute aulestiarrek eta mutrikuarrek. Jende asko batu da batean eta bestean jaiei amaiera beroa emateko.Eguraldi ona izan dute lagun aulestiarrek eta mutrikuarrek Santa Eufemi eta Galb...
Santa Eufemi jaietako eta Galbaixo jaietako bigarren asteburua ospatu dute aulestiarrek eta mutrikuarrek. Jende asko batu da batean eta bestean jaiei amaiera beroa emateko.
Eguraldi ona izan dute lagun aulestiarrek eta mutrikuarrek Santa Eufemi eta Galbaixo jaiak giro onean gozatzeko. Ohi modura, jaietako bigarren asteburua ospatu dute batean zein bestean.Urregaraiko landan eta giro ona aprobetxatuta, asko izan ziren domekako jaiagaz bat egitera animatu ziren aulestiarrak eta inguruetako herrietako bizilagunak. Goizeko mezaren ostean, euskal preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zen zelaian, eta Esteibar eta Obietak jarri zioten doinua eguerdiari ondoren. Eguerdian egon ziren bai eta ere, urteroko ekintza arrakastatsuenak. 38. Ermitara Igoera lehiatu zen lehenengo, eta 29. Irrintzi Txapelketa jarraian.
35 korrikalarik egin zuten aringa-aringa ermitaraino, 800 metroko aldapan gora; 3 minutu eta 58 segundoko denboragaz Jabi Goitia izan zen bizkorrena mutiletan, eta, nesketan, berriz, Imma Ruiz, 6 minutu eta 17 segundogaz, biak gernikarrak.
Emakumezkoetan bigarrena herrikoa izan zen: Izaro Aranburu. 06.26 denbora lortu zuen aulestiar gazteak. Podiumeko hirugarren postua, berriz, Laudioko Gerasane Ussiak osatu zuen (06.36). Laugarrenak ere eduki zuten saria, Iraia Uriarte bedaruarrak (07.31).
Gizonezkoetan, iazko irabazlea Ekaitz Kortazar durangarra (04.04) eta Julen Aranguena Kortezubikoa (04.09) gelditu ziren bigarren eta hirugarren. Denbora onak egin zituzten korrikalariek. Esate baterako, Kortazarrek iazko denbora hobetu zuen, 04.12 minutuko denbora egin zuen iaz. Joseba Plaza markina-xemeindarrak laugarren postua lortu zuen (04.14) eta Imanol Goñi natxituarra bosgarrena izan zen (04.20).
Birika onak zituztela erakutsi zuten bai eta ere 29. Irrintzi Txapelketan parte hartu zuten lau neskek. Beste urte batez, irabazlea Nerea Foruria izan zen. Aulestiar bik ere parte hartu zuten: Lorea Zarragoikoetxeak eta Ainara Ituiñok. Hirugarren postuan berdinduta gelditu ziren biak.
Bolatokia eta agertoki inguruak izan ziren bilgune arratsaldean. Iratzar taldeagaz Aulestiko plazan dantzan amaitu zuten jaia aulestiarrek.
Bestalde, talde handien agertoki izan da beste behin ere Aulesti. Bariku gauean Matraka elektrotxarangak, The Riff Truckers, En Tol Sarmiento eta Ezten Giro taldeek lehenengo eta DJ Bullek gero eskainitako kontzertuetan jende asko ibili zen.
Auzokoen eguna
Domekan, Mutrikun, Galbaixotarren Eguna ospatu zuten. Eguraldia lagun, jende asko joan zen Galbaixora, jai eguna lagun eta senide artean pasatzera. Gainera, estreinako, argazki zaharren erakusketa antolatu zuten. Asko izan ziren Galbaixo auzoko argazki zaharrak ikusi eta argazkietan agertzen ziren leku eta pertsonei buruzko datuak eman zituztenak. Auzoko umeak ere buru-belarri ibili dira aurten ume jolasen prestaketan. «Gure Galbaixo txiki batzordeak egin duen ahalegina txalotzekoa izan da», adierazi du Galbaixo auzoko Nerea Arrizabalagak. Bide batez, Galbaixoetako zozketako zenbaki irabazleak jakitera eman dituzte. 1. saria, eta, beraz, 600 euroko diru saria 2835 zenbakiarentzat izan da (ordezkoa 4906); 2. saria, ostera, 4689 zenbakiarentzat izan da (ordezkoa, 3627). Kasu horretan, irabazleak 200 euro eramango ditu.