Gaztelugatxera joan den bisitari kopuruak gora egin du 2018ko uda garaian
309.233 pertsonak bisitatu dute biotopo babestua ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, iaz baino %2,94 gehiagok. Bisitaririk gehien egon zen eguna abuztuaren 15a izan zenBizkaiko Foru Aldundiak bildutako datuen arabera, 309.233 pertsona joan dira...
309.233 pertsonak bisitatu dute biotopo babestua ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, iaz baino %2,94 gehiagok. Bisitaririk gehien egon zen eguna abuztuaren 15a izan zen
Bizkaiko Foru Aldundiak bildutako datuen arabera, 309.233 pertsona joan dira Gaztelugatxera ekainaren 15etik irailaren 30era bitartean, iaz baino %2,94 gehiago.Aldundiak bisitarien fluxuari buruzko datu zehatzak eskaini ditu. Bisita gehieneko hilabeteak abuztua eta uztaila izan dira, hurrenez hurren, 133.100 eta 80.909 bisitarigaz. Hala ere, adierazi dutenez, abuztuan bisitiarien kopurua %7,07 jaitsi da, eta udan izandako gorakadarik handiena ekainekoa izan da; hilabete horretan % 35,93 hazi da bisiten kopurua, 28.630 pertsonara iritsi arte. Gaztelugatxen bisitaririk gehien egon zen eguna abuztuaren 15a izan zen, 6.159 pertsona joan ziren.
Gaztelugatxera joan diren gehienak Espainiako estatutik etorritakoak izan dira, bisitari guztien % 60,98, hain zuzen ere. Atzerritik etorritakoen artean, bisitari guztien %24,11 zehazki gehienak frantsesak eta italiarrak izan dira. Azkenik, bisitarien %14,90 Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik etorritakoak izan dira, eta horien artean %65,20 bizkaitarrak izan dira.
Biotopo babestu horretan bisitarien sarrera kontrolatzeko sistemak ezarri izanak pertsona fluxuen erregulazioa ahalbidetu duela azaldu du aldundiak. Modu horretara, uda garaian «ilara gutxiago izan direla» eta, horrenbestez, Gaztelugatxe ezagutzeko aukera hobea eskaini dutela nabarmendu dute.
Sarrera mailakatua
Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak azaldu duenez, «sareko txartelaren sistema ezarrita eta, aldi berean, biotopo babestura sartzeko guneetan sarrera horiek emateko sistemagaz pertsonen iritsiera eta sarrera era mailakatu batean egitea lortu dute.
Unzuetak gogoratu duenez, eguneko 4.000 bisitariko muga jartzen du Europarc-ek Gaztelugatxe moduko ezaugarriak dituzten esparru babestuetarako erreferentzia muga bezala. Aldundiak aipatutako kopuru mugatu hori ez gainditzeko ahalegina egin arren, ekaina eta iraila artean, bi hilak barne, hamazazpi egunetan kopuru hori gainditu egin da. Beste hamasei egunetan, «ozta-ozta» gainditu zen 4.000 bisitariko kopuru hori.
Diputatuak, halaber, tokira etorri diren hamar pertsonatik lauk euren sareko txartela atera dutela azpimarratu du. «Hain denbora motzean ratio horretara heltzeak argi erakusten du sistema finkatzen ari dela», esan du gaiari dagokionez. Beste alde batetik, ekainean, uztailean eta abuztuan 10.519 pertsonak erabili dute Gaztelugatxerako Bizkaibus zerbitzua, aldundiak zehaztu duenez.
Prestatutako proposamenari hainbat eragilek ekarpenak egiteko bilketa prozesua aurrera doan bitartean, aldundiak Gaztelugatxeko «bisitaren esperientzia hobetzeko pausoak ematen» jarraitzen duela aldarrikatu du. Ildo horretan, une honetan hiru arlo lantzen ari direla zehaztu dute.
Hurrengo lanak
Hasteko, «adimen artifizialaz lagundutako audio-giden sistema» abian jarriko dutela azaldu dute. Sistema horrek Gaztelugatxera hurreratzen diren pertsonei gune zehatz batzuetan «kontakizun bat entzuteko aukera» ahalbidetuko die, eta horretarako, smartphone-ak edota tabletak erabili ahalko dituzte. Sistema webgune batean oinarritzen dela azaldu dute, hortik eskaintzen baita kontakizun hori, hainbat hizkuntzatan.
Beste alde batetik, Gaztelugatxerako sarreraren autobalidaziorako eta informaziorako elementuak jarriko dituzte sarrera guneetan. Horrela, sarreretan bisitari ilarak sortzea saihestuko dute, eta, gainera, eremuko langileek beste lan batzuetan jardun ahal izango dute.
Bukatzeko, Bakiotik Matxitxakoko itsasargiraino joango den oinezkoentzako pasealeku bat markatzeko lanak egingo ditu aldundiak. Pasabide hori Gaztelugatxetik ere igaroko dela argitu dute, eta horrela gunea lotuko dute oinezkoentzat.