Nesken Xistera Zirkuituko partiduak Ereñora datoz asteburuan
Madrilgo torneoa jokatu ostean, Nesken Xistera Zirkuituak Ere- ñon edukiko du hurrengo geldialdia. Hain zuzen, Izaro Arbe markina-xemeindarrak jokatuko du, Ortiz de Mendibilegaz bikotea osatuta. Landaren eta Arriolaren kontra lehiatuko dira udal pilot...
Xistera Zirkuituaren partiduaren aurretik, lagunarteko hiru kiniela jokatuko dituzte, 10:30ean hasita. Euskal Herriko klubetako 28 zestalari bilduko dira Ereñon. «Esate baterako, Ereño Jai Alai eskolako lau neskak parte hartuko dute», zehaztu du Sabino Olarreta udalerriko zesta eskolaren ordezkariak.
Haiekin batera, besteak beste, Markina-Xemeingo, Berriatuko eta Mutrikuko eskoletako kideek ere parte hartuko dute.
Euskal Herrian sortu den azken zesta eskola da Ereñokoa. Orain dela hiru urte hasi ziren martxan, eta gero eta kide gehiago direla esan du Olarretak. 270 biztanleko udalerrian daude, eta eskola txikia izan arren, bertako zein inguruko ume, gazte zein helduak ari dira zestan jokatzen.
Apurka-apurka indarra hartu dutela eta gero eta gauza gehiago lortzen ari direla azpimarratu du. Esaterako, udalak sare berria jarri die, eta enpresa pribatu baten ekarpenari esker markagailua jarri dute.
Hiru urteko ibilbide honetan izaten ari diren laguntza eskertu du Olarretak. «Udalaren zein enpresa eta norbanakoen laguntzari esker gauza garrantzitsuak lortzen ari gara, eta gurasoen inplikazioa ere nabarmentzekoa da». Halaber, Xisterarentzat ere esker oneko berbak ditu: «Euskal Herriko eskola gehienok gaude bertan, eta aurten, Ereño Xistera Zirkuituan sartu dute, eta eskertzekoa da».