Adineko Zentroen XII. Aste Kulturala ospatuko dute
Bihar Gure Arbola Zaharra zentroko kideek antzeztuko dute. Durangoko Gora ta Gora taldekoak ariko dira etzi. Burua eta gorputza martxan jartzea du helburuHamabigarren urtez, Hirugarren Adineko Zentroen Aste Kulturala antolatu dute Gernika-Lumon. Bihar ...
Bihar Gure Arbola Zaharra zentroko kideek antzeztuko dute. Durangoko Gora ta Gora taldekoak ariko dira etzi. Burua eta gorputza martxan jartzea du helburu
Hamabigarren urtez, Hirugarren Adineko Zentroen Aste Kulturala antolatu dute Gernika-Lumon. Bihar 17:00etan egingo dute lehenengo antzezlana Elai-Alai aretoan gernikarrek, eta eguenean ordu eta leku berean antzeztuko dute durangarrek.Encontramos la solución lana antzezteko igoko dira taulagainera Gernika-Lumoko Gure Arbola Zaharra zentroko kideak bihar. Mila Artetxe gernikarraren zuzendaritzapean, hamahiru lagunek antzeztuko dute, eta Gure Arbola Zaharra kolara osatzen duten 40 ahots inguruk Juan Mari Kaltzada zuzendariaren aginduak jarraituko dituzte aretoa girotzeko.
Hirugarren Adineko Aste Kulturala ospatu den aurreko hamaika urteetan, urtero-urtero parte hartu du adinekoen antzerki taldeak, eta aurten ere, bertan estreinatuko dute azkenengo lana. Neska talde baten bidaiari buruzko nondik norakoak kontatuko dituzte oholtza gainean. Beraientzako berria den herri bat bizitasunez betetzeko ahalegina egingo dute, eta bertan gertatzen zaizkienak zeintzuk diren erakutsiko dituzte obran.
Asuaren zuzendaritzapean
Gernikarren eguna da biharkoa, baina etzi Durangoko Gora ta Gora tadekoak hurbilduko dira Gernikako taldearen lekukoa hartzera.
Izaskun Asua zuzendari dutela, 17:00etatik aurrera Elai-Alai aretoan durangarren antzerki taldeagaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. No hay mal que por bien no venga lana antzeztuko dute, eta Durangoko Abesbatza izango dute lagun oholtza gainean.
Antzezten eta abesten onenak izatea baino, parte hartzaileen helburua norbere burua balioan jartzea eta aktibo sentitzea da, «bizitasun eta bizipozagaz».
Burua zein gorputza martxan jartzeko asmoz sortu zuten Gernika-Lumoko Hirugarren Adineko Zentroen Aste Kulturala, eta lanean jarraitzen dute oraindik. «Jubilatu eta gero bizitzen jarraitzen dugu, ez diogu gauzak egiteari utzi behar. Ondo pasatu eta aktibo sentitu behar gara», dio Mila Artetxe antzerki zuzendariak.
Gainera, etapa berri asko daudela norberaren bizitzan azaldu du Artetxek: «Ilusioagaz bizi behar gara, bizitzaz gozatu egin behar dugu. Ikasketak bukatuta lanean hasten gara, etapa berri bati ekiten diogu. Eta gauza bera gertatzen da jubilatu eta gero, momentu berri bati ateak zabaltzen dizkiogu».
Antzezlanak egiteak jubilatu eta gero badagoela «zer egin» erakusten duela dio zuzendariak, ondo pasatzeko eta mugitzeko hamaika aukera daudela, hain zuzen.
Etorkizunean berdin jarraitzeko asmoa daukate Gernika-Lumoko antzerki taldekoek. Bihar estreinatuko dute lana, baina badituzte bestelako hitzorduak. Gernika-Lumoko Juan Calzada zaharren egoitzan egongo dira. Baita ere Busturiko Arrotegin. Oraindik datak zehaztu barik dauzkate.