Kultur Aniztasunaren Astea antolatu dute Mutrikun
Udalak antolatuta, eguenetik [maiatzak 20] domekara [maiatzak 23] egingo dituzte Mutrikuko errealitate kultur anitza nabarmentzeko jarduerak.
Barikuan [maiatzak 21] Elkarrizketa eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna izango da, eta horren harira, hainbat jarduera antolatu ditu Mutrikuko Udalak, Mutrikuko Kulturartekotasun eta Bizikidetza taldearekin elkarlanean. Hala, Mutrikuko errealitate kultur anitza nabarmentzeko Kultur Aniztasunaren Astea ospatuko dute eguenetik [maiatzak 20] domekara [maiatzak 23].
Lehenengo aldiz antolatu dituzten ekintzen helburua jatorri ezberdineko herritarren arteko elkarbizitza sustatzea dela azpimarratu dute antolatzaileek. Gaineratu dutenez, ekimena herriko kultura ezberdinak ezagutzera emateko lehendabiziko pausoa da. “Aurrerantzean ere, Mutrikuko Udalak denona izango den Mutriku baten alde lanean jarraituko du”.
Barikuko eta zapatuko bi ekintzetan beste herri batzuetako ohiturez jabetzeko aukera egongo da
Immigrazioa berbagai hartuta, Immigrazioari buruzko estereotipo eta zurrumurruak. Egia ote? hitzaldiarekin emango diote hasiera eguenean Kultur Aniztasunaren Asteari. Solasaldia Gorka Moreno Marquez Ikuspegiko –immingrazioaren euskal behatokia– zuzendariak eta EHUko gizarte langintzako irakasleak emango du, 18:00etan hasita, Zabiel kultur etxean.
Barikuan eta zapatuan egingo diren ekintzetan, berriz, beste herri batzuetako ohiturez jabetzeko aukera edukiko dute herritarrek. Barikuan, esaterako, Kultur Aniztasunaren Munduko Eguna ospatzeko ekitaldi berezia egingo dute Zabiel Plazan. 19:00etatik aurrera, jatorri ezberdinetako mutrikuarren bizipenak ezagutzeko aukera egongo da.
Zapatuan, ostera, Kulturartekotasun topaketa egingo dute. Antolatzaileek iragarri dutenez, Mutrikuko hainbat herritarren kulturak erakusteko egingo den lehendabiziko topaketa izango da. 11:00etatik 13:00etara Txile, Senegal, Bulgaria, Paraguai eta Marokotik etorritako mutrikuarrek euren jatorriko kulturaren erakusleiho izango diren postuak ipiniko dituzte Goiko Plazan. Postuez gain, mutrikuarren jatorri ezberdinak erakusten dituen mapa handi bat ere ikusgai egongo da Goiko Plazan.
Udalaren webguneko agenda atalean eskuragarri daude ekitaldietan parte hartzeko gonbidapenak
Kultur Aniztasunaren Asteari amaiera emateko, No es pais para negras antzezlana eskainiko dute domekan Zabiel kultur etxean. 19:00etatik aurrera, Silvia Albert Sopale Bartzelonan bizi den euskal aktore, antzerki zuzendari, sortzaile eta ekintzaile feminista antiarrazistak idatzitako eta antzeztutako obra eskainiko dute. Aurreratu dutenez, emakume arrazializatua izateak zer suposatzen duen ikustaraztea du helburu lanak.
Antolatzaileek eguenetik domekara antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Nabarmendu dutenez, ekitaldi guztiak doakoak izango dira. Ohi modura, Mutrikuko Udalaren webguneko agenda atalean eskuratu ahal izango dira gonbidapenak.
EGITARAUA:
- Maiatzak 20, eguena. Immigrazioari buruzko estereotipo eta zurrumurruak. Egia ote? hitzaldia, 18:00etan, Zabiel kultur etxean. Hizlaria: Gorka Moreno Marquez.
- Maiatzak 21, barikua. Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna ospatzeko ekitaldi berezia, 19:00etan, Zabiel Plazan.
- Maiatzak 22, zapatua. Mutrikuko I. Kulturartekotasun topaketa, 11:00etatik 13:00etara, Goiko Plazan.
- Maiatzak 23, domeka. No es pais para negras antzezlana, 19:00etan, Zabiel kultur etxean.