Jende asko batu du Ziortza-Bolibarko fruta arbolei buruzko ikastaroak
Kanpapeko Adinekoen Elkarteak antolatutako ikastaroa zapatu [otsailak 19] goizean egin zuten. 40 lagun inguru batu ziren udaletxeko aretoan.
Hiru orduko ikastaroa bitan zatituta eman zuen Gabino Murua agronomo gabiriarrak. Alde teorikoan, besteak beste, izurriteak, tratamendu naturalak eta ongarriak izan zituzten hizpide. “Lehenengo zatian, lurra zelan zaindu behar den azaldu digu Muruak. Lur horretan landatzera goazen zuhaitzaren ezaugarriak kontuan hartzea berebizikoa dela azpimarratu du. Zuhaitz bakoitzak jasan ditzakeen izurriteak eta gaixotasunei buruz ere aritu da, eta horiei aurre egiteko tratamendu naturalak eta ekologikoak azaldu dizkigu, inongo kimikorik erabili barik”.
Alde praktikoa lantzeko aukera ere eduki zuten. Poda praktikak osatu zituzten Urua baserriko landan. “Denbora ona egon da, eta azkenean praktikak egiteko aukera ere eduki dugu”. Zehaztu dutenez, sagarrondo bat, kiwi arbola bat eta madariondo bat inausi zituen Muruak. “Adarrak zelan inausi eta horiek mozteko zergatiak ere azaldu dizkigu”. Antolatzaileek ikastaroari buruzko balorazio oso positiboa egin dute. “Oso interesgarria izan da. Denok pozik amaitu dugu”.
Hilaren 26an, berriz, ortugintzari buruzko ikastaroa egingo dute Gabino Murua agronomoagaz batera. 10:00etan ipini dute hitzordua, udaletxeko aretoan. Ikastaroa nahi duten herritar guztientzat antolatuta dagoela adierazi dute elkartetik. “Gaia oso interesgarria da, eta jende gehiago batuko garela uste dugu. Ikastaro horretan alde teorikoa landuko dugu bakarrik”.