Oscar Julian Gonzalez: "Markina-Xemeingoa iparralderago egiten den maskarada da"
Ikertzaile asturiarrak 2021ean argitaratutako 'Mascaradas de la peninsula Iberica' liburuaren bigarren edizioa aurkeztu zuen zapatuan [otsailak 19], Markina-Xemeingo kultur aretoan.
Liburuaren aurkezpena Zerutxu dantza taldeak antolatuta egin zen. Antolatzaileek aurkezpenaren hasieran azaldu zutenez, argitalpenak ibilbide bat egiten du Europan maskaradak ospatzen diren herrietatik, eta Markina-Xemeingoa ere bertan aipatzen denetako bat dela baliatuta, egoki ikusi dute liburuan ikertutakoa inauterien atarian herrian aurkeztea. “Pasarteak kontatzeko egokia dela iruditu zaigu”.
Euskal Herrian dago egunotan egilea, eta hainbeste maskarada egiten diren eremuan egotea “ohore bat” dela esan zuen. Markina-Xemeingoa eskualdean egiten den maskarada bakarra dela agertu zuen, eta ikertu dituen maskaraden artean berezitasun bat duela. “Euskal Herrian iparralderago egiten den maskarada da. Iparralderago ez dago hartza eta dantzariak dituen beste maskaradarik”. Azaldu zuenez, 2009an hasi zen ikerketa lanagaz. “Informazioa batzen hasi nintzenean, penintsulan antzeko pertsonaia gehiago zegoela konturatu nintzen, eta ikerketa Asturiastik haratago jarraitzea erabaki nuen”.
Lanak landa inauteri adierazpen ikuspegi zabala agertzen du. Europa osoan maskarada mundu dagoenaren jakitun, 357 maskarada dokumentatu ditu egileak, eta hain arteko loturak eta errealizazio eskemak ezarri, balizko esanahiak bilatu eta erabiltzen dituzten jantziak eta pertsonaiak alderatu ditu. “Denboran galdutako jaiak izan arren eta itxuraz kontakturik ez izan arren, egitura aldetik oso antzekoak dira; maskarada horietako gehienak ekintza, pertsonaia eta emanaldi eredu beragaz bat datoz”.
Markina-Xemeinen modura, beste hainbat tokitako maskaradetan hartza agertzen dela esan zuen liburuaren egileak
Maskaradak egiten diren mapa bat ere erakutsi zuen, eta toki bakoitzean dauden ohituren berri ere eman zuen. Besteak beste, jaiaren izenburua, maskaradak zein herritan eta zein egunetan ospatzen diren, nortzuk diren protagonista nagusiak eta beraiekin nortzuk doazen, leku bakoitzean egiten diren erritu sinbolikoak, pertsonaia horiek zertan oinarritzen diren eta zer janzten duten eta ospakizunak girotzeko zein dantza zein musika tresna erabiltzen diren azaldu zituen.
Markina-Xemeingo hartzari buruz ere aritu zen, eta beste hainbat tokitako maskaradetan hartza agertzen dela esan zuen. “Hemen hartza eta dantzariak agertzen dira bakarrik, baina beste leku batzuetan beste pertsonaia batzuk ere agertzen dira hartzagaz batera. Hori bai, guztiek eredu bera jarraitzen dute, eta litekeena da jatorri bera izatea. Sasoi batean hartz asko zeuden lekuan ohiko pertsonaia izaten da. Joku handia ematen duen pertsonaia da, gainera, eta gauden datak kontuan hartuta, negua amaitu dela eta udaberria esnatu dela irudikatzeko erabiliko zen”.