Gipuzkoako Buruz Burukoaren finalerako txartela eskuratu du Eneko Sagarmendik
Gipuzkoako XII. Euskal Pilota Egokituko Txapelketaren buruz buruko lehen bi jardunaldietako partidak irabazi ondoren, finalerako txartela eskuratu du Errenteriako Mindara klubeko palista mutrikuarrak.
Finala martxoaren 12an jokatuko du Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Sailkapen faseko azken jardunaldia zapatuan [otsailak 26] lehiatuko dute Asteasuko Usarrabiko udal pilotalekuan, eta lortutako emaitzaren arabera erabakiko da mutrikuarraren aurka ariko den finalista. Finalera begira itxaropentsu dagoela eta iaz lortutako txapela defendatzera kantxaratuko dela esan du. “Ea aurtengo txapela ere irabazteko aukera dudan. Orain arte egin dudan modura, dena ematera kantxaratuko naiz”.
Bere burua sasoiko ikusten duela gaineratu du. “Ondo nabil jokatzen, eta entrenatzen ere denak emanda nabil”. Txapelketa oso ona egin du, eta jokatu dituen partida guztiak nagusitasun osoarekin irabazi ditu. Amasa-Villabonan lehiatutako lehen jardunaldian 15-7 irabazi zuen Joseba Altuna oriotarraren aurka. “Sekulako partida jokatu nuen. Oso serio eta kontzentratuta aritu nintzen”. Errenterian lehiatu zen bigarren jardunaldian, 15-3 irabazi zuen Iraitz Huegun donostiarraren aurka.