Trabolak taldeak irabazi du Iparraldeko Haizeak jaiko Gisatu Txapelketa
Giro “bikaina” egon da asteburu osoan, barikutik [maiatzak 20] domekara [maiatzak 22] arte Lekeitioko kaleetan
Hiru urte eta gero asteburuan Lekeitioko Iparraldeko Haizeak jaia ospatu zen, ez zen edozein urte gainera, 20. Iparraldeko Haizeak, hain zuzen ere. Barikuan [maiatzak 20] hasi zuten jai giroagaz, bertso saioagaz, Abaroa parkean 120 ikus-entzule batu ziren.
Asteburuko plater nagusiena zalantzarik gabe Gisatu Txapelketa izan zen. Goizean goizetik Eskolape inguruan bildu ziren tabernak eta kuadrillak lanean. 13:30etarako, aurreikusitako ordurako, gisatu denak prest zeuden, bakarka joan ziren ekartzen parte hartzaile bakoitzak berea. Epaimahaiaren txanda zen, lanak izan zituzten guztira 19 gisatu aurkeztu zirelako, hau da, 400 parte hartzaile baino gehiago, baina zalantza askoren ondoren erabakia hartu zuten. Trabolak taldeak irabazi zuen 20. Iparraldeko Haizeak jaiko Gisatu Txapelketa.
Gisatu Txapelketako sailkapena:
1-Trabolak 37 puntu
2-Egun Sentia 36 puntu
3-Galarrena I 34 puntu
4-Aittitta Makurra I 33,5 puntu
5-WC Komuns 33 puntu
6-Atezuan 32,5 puntu
7-Egun Sentia Team 32 puntu
8-Galarrena II 31,5 puntu
9-Kalvin Klaine 31 puntu
10-Hamaikatxu 30,5 puntu
11-Zaletxuak 30 puntu
12-Gallo Taberna 29 puntu
13-Aittitta Makurra 28 puntu
14-Motxileruak 26,5 puntu
15-Hormak 26 puntu
16-Kosta jaku 21 puntu
17-Tia Fran 20,5 puntu
18-Zakilixut 20 puntu
19-Grupo Paraguayo 19 puntu
Musikak hartu zituen gero Lekeitioko kaleak eta dantzak herriko plaza Baigorriko Arrola dantza taldearen kalejiragaz eta ondoren Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeagaz batera eman zuten emanaldiagaz. Gauean, betiko legez, Iparraldeko Polekeleke taldeak elektrotxaranga osatu zuen herriko lau gunetan. Gauez istilu gutxi batzuk egon ziren, Ertzaintza bertaratu behar izan zen, baina ez zuen gainontzeko eguneko giro ona estali.
Domekan Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka egon zen plazan. Asko izan ziren hurbildu ziren herritarrak, 20 postu antolatu ziren eta denetariko produktuak egon ziren salgai. Hori bai, antolatzaileen arabera, jateko produkturik egon ez izanak asko kendu zion azokari. “Ez da paterik, ogirik edota gaztairik egon aurten, artisau produktuak egon dira bakarrik eta herritarrak Iparraldeko jakiak dastatzeko gogoekin geratu da. Datorren urteetarako hobetzeko arlo bat da”, azaldu zuten.
Hala ere, Aittitta Txiki kultur elkartetik balorazio oso positiboa egin dute 20. Iparraldeko Haizeaken inguruan: “Pandemiak gogor eragin zuen gure eguneroko lanean, zalantzak zian genituen, baina buelta ematea lortu dugu eta indar asko eman digu aurtengoak hain ondo atera izanak. Dagoeneko hurrengo urtera begira jarri gara eta guzti”. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete asteburuan zein aurreko antolaketa lanetan ibili diren laguntzaile sare guztiari, “eta zelan ez, asteburuko ekintza desberdinetan parte hartu duten herritar denei”.