Lea-Artibaiko produktuak izango dira protagonistak Urriko Azoka Nagusian
Gaur [irailak 28] egin dute urriaren 8an Markina-Xemeinen ospatuko den 38. Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiaren aurkezpena
Etxebarriko udaletxean egin dute gaur [irailak 28] 38. Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusiaren aurkezpena. Bertan Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Nezakaritzako zuzendari nagusiak, Luis Egurrola Leartibai Fundazioko lehendakaria eta Markina-Xemeingo alkateak eta Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak parte hartu dute. Antolatzaileak Lea-Artibai Landa Garapenerako Alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko eta Mallabiko udalak dira. Bi urteren ostean, urriaren 8an Markina-Xemeinen eskualdeko produktuak eta animaliak eskainiko dituzte.
Indarberrituta dator azoka, berriz ere eskualdeko produktu, ekoizle, abeltzain eta gastronomiaren erakusleiho izateko asmoz. “Giro jator eta herrikoia izango da nagusi, azoka Lea-Artibaiko baserritar zein bizilagunentzako ospakizun gune aparta baita”, adierazi du Iriondok. Aurten aurkezpena Etxebarrian egin badute ere, urtero aldatuko dutela aurreratu du, baina azoka beti Markina-Xemeinen egingo da. “Urriaren 8an produktu denak %100ean Lea-Artibai eskualdean egindakoak izango dira, baita animaliak ere”, esan du.
Egurrolak eskualdeko ekoizleekiko konpromisoa berretsi du, Hamen Bertokoa elkartearen bidez, esate baterako: “Alkartearen helburua da landa eremuaren gaitasunak, beharrizanak eta erronkak aztertzea lehiakortasuna mantendu ahal izateko”. Atutxak, bere aldetik, Lea-Artibain lehen sektoreak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du, onurak “neurrigabeak” direla esan du: “Elikagaien eta energiaren prezioaren igoeragatik sufritzen ari dira, eta azoka haien lanaren aitortza egiteko aldarrikapen eguna da, erakundeok arazoak elkarlanean konpontzeko eta diru laguntzak eskaintzeko prest gaude”.
Lea-Artibai eskualdeko Markina-Xemein, Etxebarria, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarko Udalez gain, Mallabikoak ere parte hartzen du. Guztira 36 ekoizlek erakutsiko dituzte haien produktuak, denak ala denak Lea-Artibaikoak: bost gaztagile, bost ortulari eta frutazain, gilden ekoizle bat, hiru okin, hiru gozogile, lau ahateki-ekoizle, bi eztigile, hiru txerriki ekoizle, bi sagardogile, hiru txakolin ekoizle, errioxar jatorri izendapeneko ardogile bat, garagardogile artisau bat, pasta ekoizle artisau bat, hiru mermelada eta barazki kontserben ekoizle eta baratxuri beltza.
Abereen erakusketa ere egongo da urriaren 8an, guztiak eskualdekoak. Behien 20 abeltzain egongo dira, zaldien bederatzi eta ardien beste bederatzi artzain. Horrez gain, azokaren hainbat gunetan artisau produktuak eta baserri tresnak ere egongo dira erakusgai eta salgai. Azokagaz bat egin duten zenbait elkartek beraien jarduerak ezagutzera emango dituzte, haien produktuak salduz. 17 artisau postu egongo dira, lau baserriko tresna saltzaile, makila saltzaile bat eta zaldientzako tresna saltzaile bat. Gainera, Izarbidean eta Zabaltzen sartu elkarteek ere parte hartuko dute.
Azoka 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik. Hasi bezain laster, 10:15ean, lehiaketetako epaileak martxan jarriko dira, hainbat sari egongo baitira jokoan urriaren 8an. Alde batetik, azokako eta ortuarien mahairik onenek saria jasoko dute, baita txakolin onenak ere. Beste alde batetik, animalien lehiaketako sariak egongo dira: Limusin, Pinenaika, Asturiana de los Valles, Aubrac, Mestizoa, ustiategi onena eta zaldien kategorian. Sari bakoitzeko irabazleak 200 euroko lortuko ditu. 14:00etan egingo da sari banaketa.
Jan edo edanaz gain, egongo da musikarako edo kirolerako tartea Urriko Azoka Nagusian. 11:30ean Markina-Xemeingo trikitilariak kalerik kale ariko dira. Ordu berean, eskualdeko produktuak probatzeko aukera egongo da Mikel Garaizabal ostalari, sommelier eta enologoak gidatutako bi dastaketa saioetan. 12:00etan hasiko dira bertsolariak postuetan zehar bertsoak kantatzen eta umeek herri kirol parte-hartzaileetan jolasteko aukera izango dute.
Bertaratzen direnen erosotasunerako, azken urteetako ideia jarraituz, kontsigna zerbitzua eskuragarri egongo da. Horrela, erosketak egin ondoren, azokaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, erosketez arduratu gabe. Hori gutxi ez, eta zerbitzuaren erabiltzaileek zenbaki bat jasoko dute 13:30etako Hamen Bertokoa elkartearen zozketarako. Markina-Xemeingo Udalak jai giroa eguerdira arte ez bakarrik, egun osora luzatu nahi izan du aurten. Azokaren itxieraren ostean, egunari amaiera berezi bat emateko, EinGo taldeak kalejira egingo dute 19:00etatik aurrera.
Irabazleak. Aurten lehen aldiz Lea-Artibai Landa garapenerako Alkarteak I. Pintxo lehiaketa antolatu zuen irailaren 5etik 20ra. Zortzi herritarrek parte hartu dute eta gaur eman dituzte aditzera irabazleak. Sukaldari profesionalez osatutako epaimahaiak Nerea Aronsoloren “Bertako Raviloi” eta Oihana Etxebarriaren “Eguzkilore” pintxoak aukeratu ditu onenak. Bakoitzak 200 euroko saria eskuratu du.