II. Leartibai Sariak, eskualdeko ekintzaileak bistaratzeko
Azaroaren 3a da Leartibai Fundazioaren lehiaketan proiektuak aurkezteko azken eguna. Sari banaketa azaroaren 23an 19:00etan egingo dute, Ziortza-Bolibarko udaletxeko aretoan.
Bigarren aldiz antolatu du Leartibai fundazioak Leartibai Sariak, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta eskualdeko hamabi udalen laguntzagaz. “Ekimen honen helburua ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua ematea da”, azaldu dute.
Azaroaren 3a da proiektuak aurkezteko azken eguna. Lea-Artibain 2022-2023 epealdian, 2023ko urriaren 31 baino lehen, negozio berri bat martxan jarri duen ekintzaileek parte hartu dezakete. Horretarako, “ezinbesteko baldintza” da eskualdeko herriren baten erroldatuta egotea. Horrez gain, ekintzaileek 18 eta 35 urte bitartean izan behar dituzte. “Leartibai Sarien helburu nagusiak dira Lea-Artibaiko ekintzaileak omentzea, eskualdean lanpostu berriak sortzea eta gizartean oro har ekintzailetza sustatzea”.
Lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek izen emate orria eta lehiaketaren oinarriak eskuragai dituzte Leartibai Fundazioaren webgunean. Leartibai Fundazioak bost sari banatuko ditu. Zehaztu dutenez, bakarrik emakume ekintzailearen saria da bateragarria gainontzeko sariekin. Sari banaketa azaroaren 23an 19:00etan egingo dute, Ziortza-Bolibarko udaletxeko aretoan:
- Negozio-ideia berritzaile onenari saria: 2.000 euro eta garaikurra.
- Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onenari saria: 2.000 euro eta garaikurra.
- Kooperatiba ereduari saria: 2.000 euro eta garaikurra.
- Gazteek sortutako negozio-ideia onenari saria: 2.000 euroko bost sari eta garaikurra.
- Emakume ekintzaileari saria: 500 euro eta garaikurra.
Irabazleek zenbait abantaila izango dituzte: Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioetan kokatzeko lehentasuna; Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasuna; eta negozio-ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza fundazioko ekintzailetza-teknikarien eskutik.
Herritarrak epaimahaikide. Hain zuzen ere, beste urte batez herritarrek aukeratuko dituzte irabazleak. Leartibai Fundazioak Instagramen jarriko ditu lehiaketara aurkezten diren negozio-ideia guztiak eta herritarrek eskualdearen beharretara “hobekien egokitzen den ideiari” atsegin dut eman ahalko diote, azaroaren 8tik 16ra bitartean. Partaide guztien artean bertoko produktuekin osatutako Hamen Bertokoa otzara bat zozketatuko dute. Aurten gainera, Instagramen boto gehien jasotzen dituen negozioak ere Hamen Bertokoa otzara bat jasoko du, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartearen eskutik.
Leartibai Fundazioa Lea-Artibai eskualdearen garapenarekin “konprometitua” dagoela esan du, bere helburuetako bat “negozio berriak sustatzea” izanik. “Leartibai Sariak ekimenagaz ekintzailetza kultura hedatu, kooperatiba eredua sustatu eta balio erantsi altuko enpresa berritzaileak bultzatzen jarraitzeko asmoa dugu”.