Memoriaren itsasoa tantaz betetzen jarraitu dute Saturraranen
Saturraren Elkartearen ekimenez, Oroimen Egunean elkartu dira gaur [urriak 28] eguerdian Saturrarango kartzela zegoen lekuan. Bertan preso egondako Maria Granados, Jacinta Yanes, Manuela Pizarro, Carmina Merodio, Sagrario Merodio eta Vitoria Fernandez Cotilloren senideak ere ekitaldian egon dira.
Oroitzea hauskorra izan daiteke. Mingarria. Baina samina eragin duen hori errepika ez dadin, oroitu beharra dago. Urte askotan isilarazi eta ezkutatu duten hori azaleratu beharra dago, tantaka-tantaka memoriaren itsasoa urez betetzeko. Gogoratzearen garrantzia, belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmendu du gaur eguerdian [urriak 28], inoiz baino ozenago, Saturraran Elkarteak Oroimen Egunean.
Iragarri modura, 12:00etan hasi da ekitaldia. Agurra eta lore eskaintza egin dituzte Saturrarango kartzelan preso egondako emakume eta umeen omenez, txistu doinuak lagun. Mutrikutik eta Ondarroatik joandako herritarrak batu dira, nagusi, heldu, gazte eta ume. Nola ez, bertan preso egondakoen senideak ere egon dira ekitaldian: Maria Granadosen semea Benjamin Perez –urte eta erdi egon zen preso eta beste sei hilabete astebururo Saturraranera etortzen–, Jacinta Yanesen biloba eta Manuela PIzarroren loba Maite Beitia Pizarro, Carmina Merodioren alaba eta Sagrario Merodioren loba Mari Mar Eizagirre –ama lau urte eta izeba 7 urte egon zen preso– eta Vitoria Fernandez Cotilloren suhi Josu Furundarena Uranga –Ahaztuen Oroimenaren plaka bistaratu zuen Fernandez Cotillok–.
1938tik 1944ra bitartean, 4.000 emakume baino gehiago eta ehunka ume eduki zituzten preso Saturraranen. Epaiketak eta zigorrak “erabat arbitrarioak” ziren
Ondorengo minutuetan, Saturrarango kartzelan egondako emakumeen bizipenak entzun ahala –Brigida Saldias Carrera, Asun Rodriguez del Pulgar, Carme Rielra, Margarita Rodriguez Iglesias, Rosa Velardez Pela eta haren alaba Rosa Pajuelo Velardez…–, pareten artean ezkutatu zutena kontatu du Arantza Ugarte Saturraran Elkarteko kideak. Bertan bizi izandako injustizien zertzelada batzuk eman ditu, kartzela izandako eraikinen horma zatien aurrean,”gertatutako istorio beldugarrien arrastotxo bat”.
1938tik 1944ra bitartean, 4.000 emakume baino gehiago eta ehunka ume eduki zituzten preso Saturraranen. Epaiketak eta zigorrak, erabat arbitrarioak ziren”. Euren egoera lazgarriari, aurrez bizitako tragediak gehitzen zitzaizkien: “Gurasoak hilda edo fusilatuta,… legez hautatuako gobernuren alde egin zutelako…”.
Kontrolpean. Bi elementu erabiltzen zituzten, emakumeak kontrolpean edukitzeko: diziplina eta gosea. Gosaritarako txokolate ontza bat edo bi piko melato, bazkaritarako, patata zatiren bat eta ura, edo dilistak, azal hutsak, barrua zomorroek janda zeukatelako. “Emakume askok kontatu zidaten, kartzelatik irten eta gero, gehiago ez zutela dilistarik jan. Betirako nazkatuta gelditu ziren”. Ondarroako marinelek arraina eskani zuten presoek jan zezaten, eta Sor Maria Aranzazu Velez de Mendizabal moja nagusiak ez zuen onartu. “Emakume guztiek eta umeek, denek sufritu zuten asko… Mojek emakume ama horiek menderatu eta umiliatu egiten zituzten, barruan zeukaten duintasuna itota utzi zieten”, azaldu du.
Aurtengoa, Saturrarango emakume eta umeei egin dieten hirugarren omenaldia izan da. Aurreko bi asteetan, Oroimen Astean, 36ko gerra, Mutrikun izandako bonbardaketak, Euskadiko Guduontzidia, mutrikuarren gerrako ibilerak eta 36ko gerrak Mutrikuko herrian utzitako arrastoak izan dizte hizpiden. Hori guztiori, memoria itzali ez dadin.