Lehen aldiz, emakumeek Banakako Txapelketa jokatuko dute
Berriatuan jokatuko dute gizonezkoekin batera, Mendibarren frontoian txapelketa jokatzeko kontratua aurten amaitzen da. Aimar Aldazabalen azken txapelketa izango da. Zapatuan [abenduak 16] hasiko dira final-laurdenak.
Berritasunekin dator Berriatuko Zesta Eskolak, Berriatuko Udalak eta Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duten Banakako Txapelketa. Lehen aldiz emakumeek parte hartuko dute. Azken lau urteetan Mendibarren frontoian jokatu da, baina aurten amaitzen da bertan jokatzeko kontratua. Hala ere, antolatzailek bertan egiten jarraitzeko asmoa agertu dute gaurko [abenduak 12] aurkezpenean.
“Zesta-puntaren une ona baliatuz, neskei ere lekua egin nahi izan diegu, haiek ere gorantza doazelako. Zesta Eskolan nabaritzen dugu hori, adibidez, eta bultzada bat eman nahi izan diegu”, azaldu du. Puntistarik onenak Berriatuan ikusteko “aukera handia” dela esan du eta egutegian “indarra” hartu duen txapelketa izan dela azken urteetan. Iazko txapelketaren arrakasta nabarmendu dute, maila aldetik eta ikusle aldetik ere.
Mikel Plaza Munduko Pilota Batzarreko arduradunak azaldu du txapelketa erreferente bilakatu dela Mendibarren frontoian, eta aitortu du «oso pozik» egongo litzatekeela hurrengo urteetan bertan jokatuko balitz:: «Erregulartasuna lortu du buruz burukoak bertan. Ez da esku pilotan modura txapelketarik garrantzitsuena, baina frontoia oso egokia da, eta horrek ateak zabaldu dizkie bestelako puntistei». Joseba Goienola herriko alkateak nabarmendu du txapelketak Berriatuaren izena munduan zabaltzen duela: “Ez dugu pilotako katedralik edo unibertsitaterik, baina eskola bai, eta oso garrantzitsua, gainera. Eta hori da hastapenetan garrantzitsuena, ume txikiak zentzu denetan heztea”.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Maialen Aldazabal berrituarra “gogotsu” agertu da banakako txapelketa jokatzeagaz, eta azken urteetan emakumeenganako apustua indartzen duela esan du. “Ez gaude ohituta modalitate honetan jokatzera, eta ikusiko dugu zelan moldatzen garen. Guretzako erronka berri bat da eta ikasteko asko balioko digu”. Faboritoen inguruan galdetuta, Arai Lejardi, Elaia Gogenola eta Ihart Arakistainen izenak nabarmendu ditu eta normalean aurrelariak “hobeto” aritzen direla, batez ere tantoa amaitzerakoan.
Agurra. Maialenentzat lehendabiziko banakako txapelketa izango da, eta Aimar Aldazabalentzat azken, baina oro har. Berriatuarrak pilota profesionalari agur esango dio, non eta bere herrian. Hain zuzen ere, iazko buruz buruko txapelketatik ez du partida profesionalik jokatu. “Ilusioz beteta nago, herrian delako jokatuko dut. Badakit erritmoa faltako zaidala eta gazteak indartsu datozela, baina nire frontoia da, eta gehien gustatzen zaidan modalitatea da”.
Final-laurdenak abenduaren 16an eta 23an jokatuko dituzte, finalaurrekoak abenduaren 29an eta finalak urtarrilaren 5ean. 19:30ean hasiko dira jaialdi guztiak eta nesken eta mutilen bina lehia jokatuko dituzte. Sarrerak 10 euroko prezioa izango du. Gizonezkoetan aurretiazko kanporaketak jokatu dituzte, eta Mikel Manzi, Cosme Agirre, Johan Sorozabal eta Ludovic Ladutxe sailkatu dira iazko lau puntista onenen aurka jokatzeko.
Partidak:
- Abenduaren 16a:
- Erkiaga-Manzi, Del Rio Cosme, Arai-Eneritz eta Ihart-Elaia
- Abenduaren 23a:
- Aimar-Johan, Lopez-Ladutxe, Maite-Sorozabal eta Erika-Maialen
- Abenduaren 29a:
- Finalaurrekoak
- Urtarrilak 5:
- Finalak (EITB bidez)