Madalen jaiak nonahi ospatzen dituzte
Gaur [uztailak 20] Aulestin Urriolan, Berriatuko Madalenan eta Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregin askotariko ekintzak egin dituzte.
Madalen jaiak zerbait badira jai herrikoiak dira. Madalen Eguna Bizkaian batez ere Elantxoben famatua bada ere, herri asko eta askotan ospatzen dituzte. Lea-Artibain Aulestiko Urriolan, Berriatuko Madalenan eta Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregi auzoan gaur [uztailak 20] elkartu dira herritarrak.
Herrietako jai nagusiak izan ez arren, gogotik ospatu dituzte. Berriatuan, adibidez, Legarmendiko kilometro bertikaleko lasterketa baliatu dute Madalen ermitara bertaratzeko. Aurten gainera, II. Igoera Herrikoien Ligako hirugarren proba “beste garrantzia bat” izan du. Baina benetako garrantzia jai giroak izan du. Trikitixa doinuekin alaitu dute egun eguzkitsu eta beroa. Urtza herri kirol taldeak erakustaldi ederra eskaini du trontza, txinga erutea edota aizkolaritza ariketekin. Aurten 40 lagun inguru elkartu dira bazkarian.
Aulestin ere izan dira Urtza herri kirol taldeko kideak. Banatu behar izan dira hainbeste ospakizunen artean. Hala ere, toki guztietan gozarazi dute. Ziortza-Bolibarko Zeinke-Ziarregin, berriz, umeentzako jolasak izan dira protagonista.
Baina Madalen jaiak ez dira gaur bakarrik izango, bihar [uztailak 21] eta etzi [uztailak 22] Madalen Egun handian ere zenbait ekintza egingo dituzte Lea-Artibain.