Malenei merezitako hasiera emanez
Gaur [uztailak 20] goizean 600 kamiseta inguru banatu dituzte eta argazki erraldoia atera dute guztiek batera.
Hasi dira Mutrikuko Malen jaiak. Aurten gainera ohi baino egun bat gehiago izango dute. Hain zuzen ere, gaur [uztailak 20] aurreratu dute Gazte Eguna jaiei hasiera emateko. “Jaietako lehen eguna izanik, jende asko elkartzen du Gazte Egunak, gogoekin harrapatzen dituzte, gazteenek batez ere: egun seinalatua da”, adierazi dute.
Baita elkartu ere. Gazte Eguna ospatzeko beste urte batez kamisetak diseinatu ditu Gazte Asanbladak, eta 600 baino gehiago banatu dituzte. Guztiek batera argazki erraldoia atera dute malenei hasiera emateko. Kolore horiak jantzi du Mutriku.
Zerua oskarbi, jan-edana baino lehen herri kiroletan parte hartu dute gazteek. Lehiakortasunetik urrun, edo batzuen artean ez hain urrun, denek batera gozatzeko aukera izan dute mutrikuarrek. Txinga eroate, sokatira, txokor batze… denetariko herri kirolak egin dituzte. Hori bai, ahal bezain laster gerizpea bilatu dute parte hartzaileek, eguzkiak eta beroak gogor jotzen baitzuen.
Gero, eguneko une hunkigarrienetako bat bizi dute. Valentin Barroena omendu dute, azken 40 bat urteotan Mutrikun Olentzeroren pertsonaia gorpuztu duena. Bere senideek jaso dute oroigarria Beheko Plazan elkartutakoen txaloen artean, “herriari emandako guztia eskertu besterik ez dugu nahi izan”.
Hori bai, eguna hasi besterik ez dute egin. Goizaldeko gaupaseroen argazkian ateratzeko, berriz, indarrak batu beharra zegoen. 300 gaztek baino gehiagok parte hartu dute herri bazkarian. Arratsaldean musikak girotuko du eguna, Txaranga la mutrikuarragaz arratsaldean eta Orrues eta DJ Urgozogaz gauean.