GKSk bertso afaria antolatu du Mutrikuko Gaztetxean
Zapatuan [urtarrilak 18] Aitor Bizkarra eta Gorka Pagonabarraga ariko dira bertsotan. Urtarrilaren 25ean mobilizazioa egingo dute Bilbon.
Urtarrilaren 25erako Gazte Koordinadora Sozialistak deitutako manifestazioari begira, asko eta askotariko ekintzak antolatu dituzte azken asteetan. Aurkezpenez gain, Mutrikun bertso afaria egingo dute zapatuan [urtarrilak 18] 21:30etik aurrera, gaztetxean. Bertan ariko dira bertsotan Aitor Bizkarra eta Gorka Pagonabarraga.
“Azken asteetan hogei lagunetik gora ibili gara herrian gerraren eta faxismoaren aurkako mezuak zabaltzen, baita urtarrilaren 25ean mobilizatzearen garrantzia azpimarratzen ere. Hor kokatzen da zapatuko ekintza”, azaldu dute GKStik.
Hain zuzen ere, aisialdirako egitarauaren baitan dago kokatuta. Azaldu dutenez, bertaratu nahi dutenek mezu bat idatzi behar dute 688 60 66 57 telefono zenbakira. Afariaren prezioa 5 eurokoa da. “Helburua, giro ona sortzeaz gain, urtarrilaren 25ean mobilizatzeak duen ezinbesteko garrantzia azpimarratzea da”, diote. Alde horretatik, herriko gazteak batzeko espazio bat izatea nahi dute. Horregatik, afarira etorri ezin duenak, gero bertsoetara bertaratu ahalko dela esan dute.
Horrez gain, urtarrilaren 25eko mobilizaziora begira, Bilbora joateko autobusa antolatuko dutela aurreratu dute. 16:00etan aterako da biribilgunetik eta bertso afarian tiketa erosteko aukera egongo dela aurreratu dute.
Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilak 25ean Bilbon eta Iruñean Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora! lelopean kaleak hartuko ditu. “Euskal Herrian ere gerrararen eta faxismoaren normalizazioaren aurka posizionatzea urgentziazkoa dela iruditzen zaigu. Mobilizazio honen bidez milaka gazte langile kaleak hartzeko prest gaudela adierazi nahi dugu, bai faxistei aurre egiteko, bai gure herrietan ideia arrazista eta matxisten aurka borrokatzeko”.