Aldaketia martxan dago Lekeition
Lekeitio beste era bateko herria izan da: Portu aberatsa, lehenengo sektorean oinarritutako ekonomia, kultura arloan bizi-bizia, kaleak urte guztian beteta eta udatiarrak ere bazituena. Azken hamarkadetan, gurean beste herri eredu bat eraiki bada ere, EH Bildun etorkizunera begira gaude eta, duda barik, gaur egungoa ez den bestelako Lekeitio bat ikusten dugu, nortasun propioa eta sendoa izango duena: Herri aktiboa, parte hartzailea, kontzientziaduna, zaintzailea, sortzailea, inklusiboa, feminista, ekologista, urte osoan bizirik dagoena eta euskalduna. Horretarako oinarriak jartzen hasiak gara, aldaketa martxan daukagu.
Gaur egungo egoerara ez gara ailegatu kasualitatez, politika eta lidergo jakin baten ondorioz baizik. Beharginen %75 Lekeitiotik kanpo ari bada beharrean, ez da kasualitatez, horren atzean erantzuleak daude. Zer esanik ez etxebizitzen gaiari kolpeten badiogu: 5220 etxebizitzatik 3200 bakarrik dira lehenengo etxeak, eta hori gutxi balitz, alokairu eskaintzarik ia ez da existitzen eta dagoen apurra oso garestia da. Bestetik, euskararen erabilera bajatu egin da, ondoko herriekin konparatuta askoz era larriagoan.
Diagnostikoarekin segituta ondorioa argia da: Gero eta zailagoa da Lekeition bizitzea, gero eta herritar zaharragoak ditugu, eta gero eta gehiago kostatzen zaigu geure nortasuna sendo mantentzea.
Egoera globalak eragiten digu, noski, ekonomia ereduan, kulturan eta abar. Baina, erabaki asko herrian bertan har daitezke, eta azken urteetan, ez da horrela egin. Orain arte, ez dugu izan norabide argirik, zelako Lekeitio nahi dugu? Turismoaren merkatuak erabakiko duena?
Hori horrela, hasita gaude lehenengo oinarriak zehazten. Herritarrak erdigunean ipinita, Lekeition bizi nahi dutenekin pentsatutako herri bat eraikitzea da helburua. Lehengo Lekeitio erreferentziatzat hartuta XXI. mendeko erronken aurrean ondo kokatutako Lekeitio bat eraiki behar dugu. Horixe da arduraz jokatzea, horixe da egin behar duguna. Horretarako, herritarrak ahalduntzeko eta parte hartzaile aktiboak izateko dinamikak ari gara lantzen. Besteak beste, diagnostikoak partekatu eta erabaki guneak zabaltzen.
Udaletik, adibidez, argi daukagu non hasten den gure egitekoa: Denonak diren baliabideak (azpiegiturak, aurrekontuak…) herritar guztion eskura ipintzen. Beraz, udalagaz batera herritik aldaketari eutsi eta egin dezagun Lekeitio bizi-bizi bat, nortasun propioa duena eta, batez ere, erabakiak berton eta denon artean hartuko dituguna.