Zerk egiten du pertsona bat elegante? Beste berba batez, zerk bihurtzen du pertsona bat gogoangarri, dotore? Ez da galdera bera… ezta? Elegantea izatea zer dan itaundu dit alabak; ez dakit non entzun duen elegante hitza, arropen iragarkiren batean, seguru asko. Burura etorri zaidan lehendabiziko irudia apain-apain jantzitako emakumezko batena izan da; baina, dena dala, boteprontoan konturatu naiz etorri zaidan irudi horixe bizitzan zehar ikusi ditudan milaka iragarkik eragindakoa dela, buruan itsatsita ditudan Korteinglesa-ren milaka mezuren ondorio. Izan ere, ondo pentsatuta, sano dotore nahiz elegantea izatea ez dago hain estu lotuta janzten ditugun praka, jaka edo gonekin: ez dago erlazionatuta eskuragarri dugun elementu material nahiz estetiko ororekin. Hori bai, alabari erantzun bat eman orduko, neuretzat elegante hitzak benetan daukan esanguraz hausnartu dut.
Elegantea zer den itaundu dit alabak. Erantzun bat eman orduko, hausnarketa egin dut. Alabari esan diot elegantea zer den seguru ez dakidala, baina ez dezala sinistu dotorezia edo elegantzia denda batean erosi eta plastikozko poltsan eraman litekeenik
Orduantxe etorri zait akordura hileta elizkizun baten entzundako esaldia: «Elegante joan da», esan zuen zendu zenaz haren lagun batek. Ez dago argitu beharrik adiskideak ez zuela haren janzkeraz berba egin gura, bizitzan zehar erakutsitako jarreraz baino. Ez dugu sekula jakiterik izango, baina hildako koitaduak saririk nagusiena ikusteko aukerarik ez zuen gozatuko, hau da, ingurukoen negar-muzinak ikusteko parada. Izan ere, joandako pertsona benetan zintzoa, prestua eta, azken batean, elegantea denean, haren galeraren ostean isurtzen diren anpuluak inoizkorik benetakoenak dira eta, jakina, hori ere agudo igartzen da. Egiazko malko horien arabera kalifikatuko edo sailkatuko lituzke, beharbada, baten batek pertsona eleganteak edo ez hain eleganteak. Dena dela, uzten den hutsunearen sakontasunaz harago, badira elegantzia definitzen duten beste hamaikatxo ezaugarri, nire ustez.
Esate baterako, pertsona elegantea ez da txikikeriengatik haserretzen, aldamenekoaren errakuntzak barkatzen daki eta, horrekin batera, norberaren gabeziak gainontzekoen aurrean onartzen; pertsona eleganteak besteak lagunduko ditu, bueltan ezer eskatu eta bere eskuzabaltasunaren publizitate merkerik egin barik; pertsona eleganteak berba egiten utziko dio aurrean duenari eta, ez hori bakarrik, hark diona aditasunez entzungo du; pertsona elegantea gauza da makalik zein txarto pasatzen egonagatik, hurkoari irribarretxo atsegin bat eragiteko; pertsona eleganteak ez du besteengandik txarto esaka ibiltzeko kirol nazionala maite; pertsona eleganteak zabal-zabalik edukitzen du eskua —eta burua, eta bihotza—, eta badaki, ondo jakin ere, noiz egon behar duen presente, eta noiz desagertu behar den eszenatokitik.
Neure ingurura begiratu dut alabari erantzun baino lehen; karrikak jendez lepo daude, artaldea lasai-lasai eta boluntario anestesiatuta: dendetatik sartu eta irten, erosketa poltsak eskutan. Beherapenak abian dira, antza. Alabari esan diot elegantea zer den seguru ez dakidala, baina, faborez, ez dezala egundo sinistu dotorezia edo elegantzia denda batean erosi eta, ostean, plastikozko poltsa baten eraman litekeenik. Ondoren, Zarara sartu gara biok, praka berriak behar ditugu-eta…