78 urte. 78 urte udalehen hura gogoratuz, behinola geure herri maitea ezerezean bihurtu zutela bakardadean esanez. Egun seinalatu hartaz geroztik, geure sorterria goitik behera suntsitu zuten hartatik, ezin izan dugu bihotzaren eta arrazoiaren epaia azaleratu, borreroak gu geu ginela zioten-eta. Erraietan gorde behar izan dugu amorru guzti hori, azalera atera ezinik, itzalpean. Baina udaberri berriek garai berriak ekarri zituzten. Gure barrenean giltzapetzera beharturiko gorroto hura jadanik erruki bihurtua zen. Haserrearen hazi sendo hura ordurako gupidaz ernaitua zegoen.
Geure herriaren suntsiketa komunikazio faltaren ondorio izan zitekeen, nork jakin. Heriotz-kondor haietan etorritako gizon haiek ezin gintuzten gu, behekoak, ondo ikusi. . Xomorroak baino ez ginen haientzat, izu-ikaraz ihesean zihoazenak. Haiek ere behean egongo balira, gure parean, ikusi ahal izango zuten beraiek bezalakoak ginela. Baina ez zen komunikaziorik izan. Haiek goian zeuden, gu behean. Haiek zeruan, gu infernuan. Eta suzko, metrailazko eta heriotzazko euri hura bidali ziguten. Eta gure anai-arrebak erail. Eta gure amets oro lurperatu.
Denborak zauriak irekitzeko duen indarraren parekoa da haien orbainak ixteko duen ahalmena. Eta orduz geroztik udaberri ugari bizi izan ditugu. Batzuk ilunak eta lorerik gabekoak, isiltasunezkoak eta sumiziozkoak alegia. Beste batzuk, argi eta biziagoak. Haietako batean atzerriko gizon arrotz haiek bueltatu ziren gurera. Baina orain ez zekarten fusilik, besarkadak baizik. Ez zekarten hegazkinik, damu hitzak baino. Ez zekarten kondorraren begirada zorrotz hura, anaitasunezko espresio bizia baizik. Eta orain denok geunden behean, bai gu eta baita haiek ere. Ikusi zuten bagenituela karrika berriak. Gure eskuekin eraikiriko bunker-zulo ilun haien beharrik jada ez genuela, gorrotoaren hiriburu hura komunikazioarena bihurtu zela. Balak lurperatu genituen elkarrekin besarkatzeko, eta ikusi zuten ez ginela kondorrak, ezta zomorroak, beraiek bezalako herritarrak baizik.
Baina hitz hauekin adierazi gura izan dudana gazteok ere, gernikarrak zein kanpokoak, gure iraganaren eta sustraien jakitun garela da. Gazte batzuk ez garela isolaturik bizi, gure arbasoek bizitakoaz kontziente garela.
1997an gizon arrotz haiek gurera barkamen eske itzultzean, Gernikan, gure sorterrian, geure erraietan bizitako izu eta zorakeria ezin zitekeela beste inon ere gertatu eta gure herriaren errautsetatik bakezko lema bat hazi behar zela aldarrikatu genuen. Mundu guztira zabaltzeko lema, denontzat baliogarria. Beldur eta mozalak askatu genituen barnetik eta ondorengo deiadarra hedatu: atzerritarrok, herritarrok, lagunok, ongi etorri Gernikara. Euskaldunon herrira, alemaniarrenera, munduko biztanleenera, bakearen eta askatasunaren herrira.
Hemeretzi urteko gazte bat naiz eta nire esanak ez direla ez lehenak ezta azkenak izango badakit. Honez gain, ederto dakit nik esandakoek ez dutela ezer aldatuko, ezta erakutsiko. Baina hitz hauekin adierazi gura izan dudana gazteok ere, gernikarrak zein kanpokoak, gure iraganaren eta sustraien jakitun garela da. Gazte batzuk ez garela isolaturik bizi, gure arbasoek bizitakoaz kontziente garela. Oroimena ez delako egun batera mugatzen eta gure barrenean egun oro izan beharko litzatekeelako apirilaren 26a, saihestu beharrekoaren oroigarri. Egunero izan behar genukeelako gogoan behinola gurean gertaturikoa ez litzatekeela atzera inon jazo behar.