Memoria eta memoria eza, hau galtzearen arriskua, gizakia kezkatzen duen zerbait da; memoria zerbait baldin bada, geratzen dena da eta. Horrexegatik daude hainbat tematsu memoriaz eta memoria hori, memoria bakarra, beraiek idazteaz edota, are gehiago, memoria hori beraiek diktatzeaz. Erderaz dioten bezala «
la cabra tira al monte» eta dikta… diktatzera ohituta daude, gaur egun ardi larruz janzten diren otso horiek.
Memoria horren zati bat joan berri dugu, memoria zatika osatzen bait da, denon artean eraiki beharreko puzzle erraldoi bat bailitzan. Ez da batzuk eraiki nahi duten haurtxoentzako puzzlea; badakizue, hiruzpalau piezakin bakarrik osatzen dena. Ez, nik badut nire memoria, nire bizipenetatik datorrena, nire burkideetatik, nire etxe eta lagunengatik. Eta zuk zeurea duzu; eta beste horrek berarena. Denon artean multimemoria osatzen dugularik, tanta batek euria osatzen ez duen bezala. Beharbada tanta bat da lehena, baina tanta guztien artean osatzen dute euria, memoria txiki guztien elkartzeak memoria kolektiboa osatzen duen bezala.
Horrexegatik oso garrantzitsua da memoria ahalik eta zati gehienak batzea, hauxe ahalik eta osotuena, ahalik eta egiazkoena izan dadin. Badira memoria horretan bortizkeria –eta hala diotenean alde bakarreko bortizkeria esan nahi dute– bakarrik azaldu nahi dutenak denaren azalpen gisa. Milaka torturatu dauden herrialdean, torturarik gabeko memoria egin nahi dute. Alde batekoak txarrak eta bestekoak onak den memoria bat. Alde bakarreko hildakoekin eraikitako memoria bakarra. Hildakoak anitzak direnean, sufrimendua anitza denean.
Etorkizuna irabazteko borrokan gabiltzan honetan, gure herriaren eskubideak errespetatuak izango diren etorkizunean, iraganaren memoriak etorkizunaren bermea ere izatea lortu behar dugu.
Ezagutzen ez bazintudan ere, aurreko larunbatean memoriaz oroitzea entzun nuen zure aldeko omenaldia, zure memoriaren eta etorkizunaren aldeko omenaldia. Zu ere, herri memoria horren parte zarelako, ezkutukoa, errepresaliatutako memoria. Horrexegatik, eskerrik asko, agur eta ohore Lordes.