Alex Zubia: 'Ura'
Gaur, lerro hauek idazten ditudan artean ez da euririk leihoko kalpoaldean. Gaur, zuk hau irakurtzen duzunean, beharbada euria ariko da berriz ere. Aurtengo udazken-negu-udaberri honen ezaugarri bat aipatzekotan, ura da ezaugarri hori, bota duen euri guztia.
Baserritarrok lan egin gura eta ezinean gabiltza aspaldion, botatzen duen euri guztiak ez dituelako lurrak behar bezala prestatzen uzten.
Arropa saltzaileak ere ez dira hobeto ariko, udaberriko soineko eta jantzien salmentari dagokionez behintzat. Aterkin saltzaileak bai, beharbada hauek poz-pozik egongo dira azken hilabeteetako euriarekin.
Euria bota eta ura joan, ura eta lurra, ibai eta errekak urez eta lurrez beteak egon dira luzaroan. Bota duen euri guztiak gure lurraren exfoliazioa bezala izan da, azala garbitu dio, baina edertasun tratamenduetan hildako zelulak kentzen badira exfoliazioarekin, lurraren kasuan bizitza gehien duen azala kentzen zaio.
Galdu dugun lur-azal guzti horrekin batera, ura mendi eta basoetan gordetzeko ahalmena da. Lehendik ere nahikoa galdua duguna. Gure aurrekoen sasoietan, ur horren gehiena basoetan geratzen zen eta apurka-apurka askatzen zuen lurrak. Horrela egon dira hainbeste errota erreketan. Ez euri gehiago zegoelako, ziklo ezberdina zuelako baizik. Urteetan daukagun basogintza eta landaketa berriek –eukaliptoa batez ere– gure ur horniketan sekulako eragina du.
Basogintzan aldaketa emateak aberastasuna ekarriko luke guztiontzat. Paisaia aldetik (bertokook eta turistek udazkena eta udaberria berreskuratuko genuke), osasun aldetik (aire garbiagoa), baso jabeentzat (egur garestiagoak), naturarentzat (bioaniztasuna)…
Baita gure ur premientzat, emaria egonkortuz, ondo kudeatutako natura biltegi erraldoi bat da eta.
Horren ordez, eskualdean aginte gehienen duen alderditik Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan sartzea nahi dute. Zer eta ura Ordunte edo Zadorratik ekartzeko? Zer eta bertoko Partzuergoa errentagarri eta bideragarri denean? Zer eta milioikako inbertsoak egiteko kanpotik ura ekartzeko, bertoko ura alferrik galtzen dugunean?
Oker gabiltza eta horrela jarraituz gero, oker dabiltzanak oker amaitzen du. Norbait aberastuko den arren.