Amaia Artetxe: 'Esperantzara kondenatuak...'
Zutabe hau idazteko inspirazino bila nabilen bitartien, Athleticken partidua entzuten dot ondotik, Bartzelonaren aurka dabil; uste dot Kopako partidua dala. Nire ondoan dagoena haserretu da dagoeneko, Bartzelonaren lehenengo golak sofatik altza dau, eskuak gurutzatu dauz eta aien batzuk esan ondoren barriro sartu da partiduan, buru belarri, aurreko partiduan gertatu zena burutik kendu nahian, Athleticken garaipen baten esperoan. Esperantzara kondenatua…
Bitartean niri inspiraziorik ez jat heldu, begira nabil inguruetara baina ez da inon ageri. Neuk be arnasa hartu dot pare bat aldiz, begiak itxi dodaz, eskuak aurpegira eroan dodaz masailak erlajatuz baina, begiak zabaltzerakoan danak bardin jarraitzen dau. Eta «eskerrak», diño nire ondokoak, «minutu gitxitan egoera asko okertu daiteke eta!».
Eguneko kontu ugari etorri jataz burura, egunkarietan irakurritako zenbait albiste, danak txarrak, albiste onak ez baitira albiste azken boladan. Biharreko lagunekin Patxi Lopezen inguruan berba egin dogula gogoratu dot, bere bi soldaten inguruan eztabaidatu dogu, dirutza bat irabaziko daulea berbaz ibili gara: Lehendakari izan zaneko pentsioa eta bere lan barriko soldata (Espainiako Kongresuko presidente, ez da makala!). Sei mila eurora errez helduko dala esan dot nik; «gehiago bebai!» erantzun deustie danek. Albora begiratu dot orduan eta ez dot ezer gehiago jakin gura izan. Interes gehiago agertu dot Eusko Jaurlaritzak kontziliaziora bideratuko dauan diruaren inguruan. Emakumeak ei dira kontziliazioaren protagonistak, emakumeok eskatzen ei doguz lan murrizketa gehienak. Eta normala iruditzen jat, gizonek ez daukie astirik aukera hori kontenplatzeko eta!
Eta azalduko naiz, ez baitot esan gura gizonek ez dabela gure umeen zaintzaren ardura hartu, ez. Uste dodana da, gizonak aita diranean daukien baimen eskas horregaz, aita izan direla konturatzeko denpora nahikorik ez daukiela. Hamabost eguneko baimen bat eta lanera bueltatu beharrak ez dau kontziliaziorako margenik izten, ez dau emoten ezta psikologikoki egoera ulertzeko ere. Betiko martxan lasterka hasi behar horrek umearen zaintzatik halabeharrez desbinkulatzen dauz aitak… ez da bidezkoa, eurentzat esan gure dot. Hori be komentatu dogu.
Eta gauza gehiagotaz be eztabaidatu dogu. Bai, ez da izan egun txarra gaurkoa, gauza pilo bat egin dodaz eta orain hasi naz hori igarten. Zutabea amaitzeko beste energia izan dot, baina, nire begiek pisu gehiago daukate orain, uste dot honaino heldu naizela. Ondokoaren begiak zabal zabalik dauz, uste dot hemen itziko dodala, esperoan, ni ohera noa eta!