Eliza bere onenean zegoenean bertara hurbiltzen zen jendea aitortzera. Apaizak gutxitzen eta eliza itxita dagoen unean herriko dendak bihurtzen dira askoren aitorleku. Mostradorearen beste aldean gaudenok hamaika kontuz jabetzeko parada izan ohi dugu, nahi izan gabe ere.
Nire talaiatik aitona ugari ikusten ditut ume gurditxoari tiraka biloba zaintzen. Ziur, bere seme-alaba zaintzeko aukerarik ez duela izan eta bilobarekin gustura dabil kalean gora, kalean behera.
Amonak berriz, dendara sartu, eseri, eta hasten dira kontu kontari, denetik hemen ere: badira batzuk biloben zaintzak gaztetu egin dutela diotenak. Beste bat etsita, ume-umetatik lana besterik ez dutelako egin eta gogoa dutelako deskantsurako, baina ezin ezetz esan seme-alabei.
Abusu kasuak ere ugariak omen. Amona batek esaten zidan moduan: «umezaina hartzeko dirurik ez eta ni joan behar egunero umeen buelta egitera. Nik ez daukat ez gogorik eta ez indarrik umearen atzetik ibiltzeko. Askotan, gustura geldituko nintzateke ohean, baina lan txandaren arabera ibili behar ni ere. Oporrak iritsi eta estresa kentzeko kanpora joan behar derrigorrez…». Minduta hitz egiten zuen. Ezin ahaztuko dugu gure gizartean familiaren sareak duen garrantzia. «Gauza bat da nahi duzulako zaintzea eta bestea derrigorrez. Planik egin ezinda bizitzea ere ez da samurra. Bizitza osoa lanean jardun ondoren bakoitzaren zaletasunez eta aisialdiaz gozatzeko aukera izatea asko eskatzea al da?».
Emakumeak lan mundura egin duenean jauzia aiton-amonak izan dira guraso askoren irtenbidea. Askotan begiratzen diogu Europako iparraldeari. Jaiotze tasa altuagoa dute nahiz eta gurasoak lanean jardun. Azpiegitura hobeak, noski, laguntza gehiago… hemen aiton-amonek konpontzen diote administrazioari euren betebeharra.
Bestalde, egungo umeak ez dira berdin hazten, hezten eta zaintzen. Gure belaunaldikook libre ginen herrian zehar lagunekin ibiltzeko, eskolara bakarrik joateko. Egun, eskola atariak guraso eta aiton-amonez beteta egoten dira. Eskolara eta eskolatik doazen lekura ere lagunduta doaz. Bakarrik uzten al dira umeak? Autonomiarik ematen al zaie?
Aitortzak hizpide hartuta, eta errenta aitorpen garaiotan, DBHko gazteek ez omen dakite zergak zertara bideratzen diren. Gazte horiei azalduko al zaie kirolari ospetsu batzuk kanpora eramaten dutela dirua hemen zergarik ez ordaintzeko? Eta zenbait enpresarik kanpoan ordaintzen dituztela zergak gutxiago ordaintzeko? Eta eliza katolikoak ez duela zergarik ordaintzen eta bai diru publikotik jasotzen? Eta…