Modan daude, kolore eta estilo askotakoak. Aste honetan bereziki, moreak izango dira gehien erabiliko direnak, askoren ahotan behintzat.
Eta zergatik ote da morea mugimendu feministaren kolorea, galdetu diot neure buruari? Teoriak bat baino gehiago; New Yorken 1908ko martxoaren 8an kotoi fabrika batean hil ziren emakumeen ingurukoa da ezagunena, euren eskubideen alde borrokan ari zirelako, nagusiek fabrikari su eman eta 146 emakume kiskali ziren. More koloreko ehuna egiten ari omen ziren…; more koloreko ehunarekin estali omen zituzten gorpuak…; emakumeen odola eta ehunaren kolorearen nahasketarengatik… hauetako edozer edo ezer ere ez balitz, gogoetarako bidea izan daiteke.
Ikusgarriagoak izango gara emakumeok egun hauetan, baina nago, ageriago geldituko dela gure ahalduntzearen ahultasuna. Asko, gehiegi hitz egiten da emakumeok lortutakoaz, baina gure eskubideen arrakala handituz doanaren usteak egonezina sortzen du nigan.
Betaurreko moreak janzteko eskatuko nizkioke Bizkaiko Foru Aldundiari; garbiketa ikastaroak eskeintzerakoan, soilik emakumeei zuzenzu zizkielako diru laguntzak.
Urteak eta urteak pasa arren, estereotipo maskulinoak eta femeninoak markatuegiak izaten jarraitzen dute askoren gusturako; betaurreko moreak jantziko nizkioke Euskaltzaindiari, sexuaren araberako izendegia finkatu duelako, eta ez oso aspaldi gainera.
Kolore bereko betaurrekoak hainbat enpresaburu eta agintariei. Goi karguetan emakumeen presentzia hutsaren hurrengoa izateaz gain, langile soil postuetan ere, gizonei baino gutxiago ordaintzearren, laurdena gutxiago. Pobreziak eta prekaritateak emakume aurpegia duela nazkatzeraino errepikatuta ere, ez dakit bada, aldaketa haize handirik badabilen goi-maila horietan.
Gizonak eremu politiko-produktiboetan lehiatzen diren bitartean, emakumeok emozioen, zaintzaren, familiaren eta maitasunaren gordailu eta sostengu izaten jarraitzea nahi dute. Eta noiz arte? Betaurreko more handi-handiak Irun eta Hondarribiko agintariei zein herritar batzuei, bazterkeria, plastiko beltzak, eta irainak iraganeko kontuak izan daitezen.
Betaurreko moreak ez ezik feminismoaren inguruko pack osoa ere Munilla gotzainarentzat, deabrua eta feministok otarra berean sartzeaz gain, ahoa bero-bero ibili duelako. Ezjakintasunaren ausardia bekatu larria ala arina ote…?
Betaurreko moreak guretzat, emakumeontzat ere. Feminista izendatzea iraina delako batzuentzat. Feminismoa berriz, bazterrak nahastea delako… EZ eta EZ. Betaurreko moreak denok eta urte osoan.
…gaizki esanak barkatu eta ondo esanak…
Plazer handia izan da.