Auro Ansorregi Altzibar: 'Eskola jazarpena'
Egoera izendatzeko orduan ingelesezko hitza hartu da ia normaltzat: bullying. Azkenaldian askotan entzuten duguna, zoritxarrez. Txosten eta adituen azterketen arabera, gero eta gehiago salatzen omen dira eraso hauek, eta ez kopuruz gora egin dutelako, jarrera horiekiko toleratzia gutxiago omen dugulako baizik.
Askotan esaten da umeak krudelak direla, eta besteen ahulezietatik elikatzen direla. Pertsonok joera hori ote dugu? Hots, gu baino ahulagoa dena zapaltzea naturala ote da? Ez al du/dugu inork noizbait barre egin bestearen bizkarretik?
Baietzean nago. Umetako garaietara joan, eta gogoan daukat eskolara etortzen ziren baserritarrek jasotzen zuten «egurra», nolabait esateko. Haiek etorri orduko gu bueltan ginela uste genuen, eta «usteak erdia ustel», haiek izaten ziren askotan lezioa ematen zigutenak.
Garai hartako jazarpenetan ere bagenekien krudelak izaten. Isekak, gutxiespenak eta txantxak perfektoak ez zirenentzat/ginenontzat: gizenak, hanka okerrak, belarri handidunak, txankamakilak, herrenak, betaurrekodunak…, ez dakit inor libratzen zen.
Kaletarron artean ere izaten genituen geure xextrak, txarrenetan borroka saio batez bukatzen zirenak, nire inguruan, behintzat.
Ordukoari garrantzirik kendu gabe, gaurko jazarpenak badu krudelkeriatik eta umiliaziotik gehiago, kasu askotan sotilagoa dela esango nuke. Gure orduko jarrerak eta portaerak agerikoagoak zirelakoan nago, denen aurreko kontuak izaten zirela (erratuta egongo naiz, agian).
Egungo abanikoa, tamalez, zabalagoa da, oinarri arrazista, homofobo eta sexuala dute askotan. Oso gertakari serioa da, eta biktima batzuen kasuan, ondorio oso larriak izan ditzakeena.
Bestalde, honetan ari diren adituek zera diote; lekukoen jarrera aldaketak garrantzi handia duela, batzuetan, erasotzailearen jarrera aldatzen lagundu dezakelako. Egoera arriskutsu honen aurrean gurasoak, irakasleak eta gertukoek adi egotera behartzen ditu. Ausartak eta helduak izatea era honetako gertaerak salatzea da.
Ikastetxeetan gertatzen denaz gain, ziber-jazarpena ere ez da atzean gelditzen; gizarte sareak batzuetan erraztu egiten dute eraso hauek zabaltzea, beraz, teknologiaren alde onak ukatu gabe, hauen erabilera ona egiten ikasi behar dugu.
Europa iparraldean, Finlandian, aspalditik omen dabiltza gaia lantzen, eta emaitza onak izan dituztela diote. Eredua ona bada, zergatik ez ekin bide beretik?